Politika

Majarenasi hirugarren gradua eta Donostian zigorra betetzeko aukera ukatu dizkiote

Zaintza Epaitegi Zentralak astelehenean ukatu zion hirugarren gradua Sara Majarenas euskal presoari. Eta, gaur, zigorra Donostian betetzeko aukera eskatzen zuen helegitea ukatu diotela salatu du Izarrekin plataformak.

Majarenasen ama, erdian, gaurko prentsaurrekoan. BERRIA
Iosu Alberdi.
2017ko uztailaren 12a
09:05
Entzun

Majarenas eta haren alaba Izar Euskal Herrira gerturatzeko eskatu du Izarrekin plataformak, besteak beste, alabak ikasturtea Donostian has dezan. Majarenasen alabaren egoera salatu du prentsaurreko batean, eta "inguru egonkor eta seguru baten beharra" duela azpimarratu. Izarrekin plataformak funtsezko ikusten du haurrak ikasturtea Intxaurrondoko ikastolan hastea: "Ezinbestekoa da haurrarentzat hain ezegonkorra eta arrotza den egoera hori bukatzea". Arrazoitu dute Izarrek lagunak Donostian dituela, eta euskara duela ama hizkuntza.

Horrez gain, Izar egun dabilen haur eskola abuztuan itxi egingo dute. Egoera horretan, haurrak eguneko 21 ordu pisu barruan igaro beharko ditu 42 egunez, amarekin hiru orduz bakarrik irten baitaiteke. Hori guztia ikusirik, Izarrekin plataformak manifestazio batera dei egin du Donostian; irailaren 3an izango da, 13:30ean, "Izar Sararekin Ikastolara" lelopean.

Majarenasen alaba, duela sei hilabete, indarkeria matxistaren biktima izan zen. Eraso haren ondoren, ama-alabak "bigarren biktimizazio" bat jasaten ari direla salatu dute, sistema juridikotik eta instituzioetatik iritsi dena. Zigorraren %95 betea du Majarenasek, baina baldintzapeko askatasuna ukatu zioten, eta, orain, hirugarren gradua eta zigorra Donostian betetzeko aukera ere. Aldaketarik ez bada, Majarenas 2018ko apirilean askatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.