Espainiako Kongresuak onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Berdintasunerako Legeak eragina izango dute etorkizuneko udaletan eta Nafarroako Parlamentuan, eta emakume gehiagok izango dute erakunde horietan parte hartzeko aukera. Hala ere, alderdi bakoitzak aurkezturiko zerrendak aztertu ondoren, bi ondorio nabarmen daitezke: batetik, Hego Euskal Herriko biztanle gehien duten herrietan aurkeztutako alkategaiak nagusiki gizonak direla; eta, bestetik, Nafarroako presidentea ezinbestez gizona izango dela, alderdi bakar batek ere ez baitu emakumezko hautagairik aurkeztu.
Nolanahi ere, udaletan orain arte baino emakume gehiago ariko dira lanean. Berez, udal hauteskundeetan alderdi politiko bakoitzak aurkeztu berri dituen zerrendetan emakumeak gutxienez %40 izatera behartu du Espainiako Kongresuak onarturiko legeak. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkako batzar nagusietan, EAEko Berdintasunerako Legearen arabera jokatu behar izan dute alderdiek, eta zerrendetan emakumeek gutxienez %50 izan behar dute.
Baina emakumeek zein postutan joan behar dute ez dute zehaztu legeetan. Kongresuak onarturiko legearen arabera, bost hautagaiko multzo bakoitzean gorde behar da emakumeen eta gizonen arteko oreka -gutxienez %40, eta gehienez %60-. EAEko legearen arabera, berriz, sei hautagaiko multzo bakoitzean gutxienez hiruk gizonak izen behar dute eta beste hiruk emakumeak. Horrek modua ematen du, esate baterako, aurreneko hirurak gizonak izan daitezen, eta azken hirurak emakumeak.
HERRIETAN GIZONAK NAGUSI. Emakumeen berdintasuna bermatze aldera, ordea, ez da aldaketa handirik gertatu zerrendaburuen kasuan. Hala, emakume bakar batek ere ez du izango Nafarroako lehendakaria izateko aukera erreala, koalizioan edo bakarrik, hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politiko nagusiek gizonak bakarrik jarri baitituzte zerrendetan lehenak.
Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako makila hartzeko aukera handiagoa dute gizonek, emakumeek baino . Hala, EAJk, PSE-EEk, EAk eta PPk gizonezkoak jarri dituzte hautagai hiru herrialdeetan, eta emakume bakar bat ere ez dute jarri ahaldungai nagusi. EB-Aralar koalizioak, EAE-ANVk eta Abertzale Sozialistak, berriz, gizonak eta emakumeak tartekatu dituzte ardura hori hartzeko, baina ez dituzte zehaztu ahaldungai nagusiak.
Hiriburuei erreparatuz gero, egoera oso antzekoa da. Bilboko Alkatetzarako lau gizonezko eta hiru emakumezko aurkeztu dituzte alderdi nagusiek, Donostian berdin, eta Gasteizen bost gizonezko eta bi emakume. Iruñean, berriz, salbuespen gisa, emakume gehiago dago alkategai gizon baino.
Hego Euskal Herriko udalerri nagusiak kontuan hartuz gero, gizonek alkatetzak eskuratzeko aukera askoz handiagoa dute emakumezkoek baino.
Hala, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako herririk handienetan gizonezkoen portzentaje handia aurkeztu dute alderdiek zerrendetako lehen postuan. Nafarroa Bai koalizioaren zerrendetan, adibidez, Nafarroako 25 herritan aurkeztutako alkategaietatik lau bakarrik dira emakumeak. Bide beretik jo du CDNk; izan ere, aurkeztutako 17 alkategaietatik hiru dira emakumeak. Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri nagusietan EAJk aurkeztu dituen zerrendaburuen ia %80 gizonak dira. Gipuzkoan, ASBk aurkezturiko hautagaien %75 dira gizonezkoak. PSE-EEk Arabako 2.000 biztanletik gorako bederatzi herrietan aurkeztu dituen alkategai guztiak, berriz, gizonak dira.
GIZARTEAREN ERREALITATETIK URRUN. Andrea koordinakundeko kide eta berdintasunerako teknikari Tere Saezek datuon inguruan adierazi duenez, hauteskunde zerrendek ez dute gizartearen errealitatea islatu, parekotasunaren irizpideari jarraitu arren. «Emakumeontzat askoz errazagoa da udaletan espazioak lortzea, gobernuko presidentea izatea baino. Halaber, askoz errazagoa dugu udalerri txikietan alkatea izatea, lan asko egiteke dagoen tokiak direlako eta lan horrek hedabideetan oihartzun gutxi duelako. Diruarekin lotutako erabaki handiak hartzeko aukerarik ez dago herri txikietan, eta bai, aldiz, borondatean eta lankidetzan oinarritutako lana».
Nolanahi ere, Andrea-ko kidearen aburuz, maiatzaren 28an aldaketa sumatuko da, emakume gehiago egongo baitira erakunde publikoetan. Hortaz,Saezek beharrezkotzat jo du legeek ezarritako parekotasunaren irizpidea: «Instituzioetan emakume gehiago egotea justua eta demokratikoa da, eta parekotasunaren irizpidea ezartzea beharrezkoa da mundu demokratikoagoa, justuagoa eta zuzenagoa eraiki arte». Gainera, haren iritziz, emakume askori kristalezko sabaia apurtzeko aukera eman diete legeek, eta bereziki espazio publikoetan hazten lagunduko die.
Gerora egin beharreko beste gogoeta bat aipatu du Saezek: «Zer gertatuko da udalak, batzar nagusiak eta Nafarroako Parlamentua osatu ondoren? Estereotipoei eutsiko diete? Emakumeei egokituko zaie, berriz ere, berdintasunaren, emakumearen eta gizarte zerbitzuen ardura, edo ardurak banatuko dira hirigintza eta ogasun sailetan?».
Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Izaskun Guarrotxenaren aburuz, zerrendako lehen postuetan sartzeko aukera izan dute emakumeek legearen ondorioz. Hala ere, maiatzaren 28tik aurrera zer gertatzen den ikusi beharko dela dio. «Argi dago emakumeak sartu dituztela legeak hala esaten duelako, baina gero ez dakigu hori nola garatuko den. Legea aurkeztu zutenean, kremailera irizpidea erabiltzeko eskatu genuen; alegia, gizon bakoitzeko emakume bat sartzeko, horrela bermatzen baitzen benetako parekotasuna».
Botere guneetara iristeko eta erabakiak hartzen diren guneetara iristeko emakumeek lehengo arazo bera izango dutela adierazi du Guarrotxenak. «Alderdiek egin behar duten ahalegina ez da bakarrik zerrendetan parekotasunari eustea, baizik eta emakumeen parte-hartzea aukera berdintasunean bermatzea».
Egoera aldatzeko eta ikuspegi feminista txertatzeko politikak abiatzeko eskatu du Guarrotxenak, eta hori emakumeen eta gizonen esku dagoela dio.
Makila, gizonen esku
Herri nagusietan hautatuko diren alkate gehienak gizonak izango dira, eta Nafarroako Parlamentuan emakume bakar batek ere ez du izango presidente izateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu