Patricia Ventura Pocino (Bartzelona, 1975) aitzindaria da: adimen artifiziala herritar gehienengana eta komunikabide gehienetara iritsi aurretik hasi zen hari buruz ikertzen eta gogoeta egiten. Zehazki, adimen artifiziala erabiltzeak komunikabideetan dituen ondorio etikoez, eta adimen artifiziala komunikabideetan modu arduratsuan txertatzeko moduez. Doktorea da Komunikabideetan, Komunikazioan eta Kulturan. Adimen artifizialari buruzko aholkularia eta estrategia garatzeko taldeko kidea da Kataluniako komunikabide publikoetan. Algoritmoen garaiko kazetaritzari buruz hitz egin zuen atzo Bilbon, BERRIAk antolatutako jardunaldian.
Komunikabideak galduta daude adimen artifizialaren arloan?
Ez da izan adimen artifiziala azkarren hartu duten sektoreetako bat. Bada zenbait urte sektoreak krisi ontologikoa eta ekonomikoa bizi duela, eta, beraz, ez du aukerarik beste sektore batzuek bezainbeste inbertitzeko. 2022tik, ChatGPT aurkeztu zutenetik, adimen artifizialaren inguruko interesa areagotu egin zen, eta badirudi kazetaritza bat-batean mugitzen hasi zela. Gauza interesgarriak egiten ari dira kazetaritzan.
Gaur egun, erabiltzen al da adimen artifiziala komunikabideetan? Zertarako?
Adibidez, ikerketa kazetaritza egiteko. Duela urte asko, ChatGPT sortu aurretik, adimen artifiziala erabiltzen zen datu base handiei buruzko ikerketak egiteko: datuetan ereduak aurkitzeko eta eredu horietatik albisteak ateratzeko. Adimen artifizialari esker, Pandoraren paperenaren moduko ikerketak egin daitezke [zerga paradisuetako diru kontuei buruzko 11,9 milioi agiri helarazi zizkieten zenbait komunikabideri]. The New York Times-ek, bestalde, Israelek Gaza hegoaldean egindako bonbardaketak zerrendatu ditu, adimen artifizialaren bidez sateliteen eta droneen irudiak eskaneatuz eta haietan bonbek utzitako kraterrak aurkituz. Erabilera oso interesgarriak dira.
Esan izan duzunez, sortze prozesuetan ere erabiltzen da. Nola?
Tira, lan egiten duzun eremuaren arabera. Herritar talde jakin batentzako publizitate kanpaina bat egin behar baduzu, balio dezake herritar horien lekuan jartzeko, jakiteko zer mezu izan daitezkeen eraginkorrenak. Eraginkorra da audientzia jakin baten lekuan jarri behar baduzu. Badago beste erabilera interesgarri bat: kazetaritza artikuluen alborapenak antzematea, artikulu batean falta diren ikuspegiak-eta bilatzea. Adimen artifizialak burutik pasatu ez zaizkigun ideiak edo aholkuak eman diezazkiguke.
Hitzaldian aipatu duzunez, lagungarria izan daiteke kazetariak aurrean orri zuria duenean ere.
Sortze prozesuan ere izan daiteke lagungarria, zer lan egin behar duzun. Adimen artifizialak gai jakin bati buruzko ikuspegiak eman ditzake. Esaterako, adimen artifizialari buruzko artikuluetan asko jotzen dugu alderdi teknikoa lantzera; adimen artifizialak, ordea, agian aipatuko dizu interesgarria izan daitekeela filosofoak, kultur eragileak... aintzat hartzea.
2021ean CIC Kataluniako Informazioaren Kontseiluarentzat egindako txosten batean jaso zen komunikabide batzuk adimen artifiziala erabiltzen ari zirela albiste bihur zitzaketen gaiak aurkitzeko. Adimen artifizialari galdetzen zioten?
Gai delikatua eta eztabaidatsua da. Kasu horretan, adimen artifizialak modua ematen du identifikatzeko Interneten zer gairi buruz ari diren asko hitz egiten. Baina, gero, kazetariaren funtzioa dago tartean, hark erabaki behar du zer argitaratu eta zer ez. Azkenean, kontua da halako tresnak kazetaritzaren osagarri edo lagungarri gisa erabiltzea. Erabilgarria izan daiteke jakitea zeri buruz ari diren hitz egiten, gero aztertzeko ea albiste bihurtu daitekeen edo ez.
BERRIAk erabaki du ez duela argitaratuko adimen artifizial sortzaileak idatzitako testurik, ez osorik ez partez. Irizpide egokia iruditzen zaizu?
Ikuspegi bat baino gehiago daude. Nire iritzia da zentzua duela argitaratzeak, betiere kazetaritzaren misioa lagunduko badu: alegia, herritarrei kalitatezko informazioa ematen eta ikuspegi zabalagoa eskaintzen laguntzen badu, arduraz jokatzen bada, informazioa egiazkoa bada, eta justizian eta askatasunean oinarrituta jarduten bada. Horiek dira kazetaritzaren balioak. Adimen artifizialarekin sortutakoa argitaratzeak zentzua izan dezake batzuetan. Hori bai, ez nuke horrelako pieza oso bat argitaratuko. Beti galdetu behar dugu zertarako den.
Zein da komunikabideen joera?
Hedabide gehienek beren kode etikoetan esaten dute beti pertsonek gainbegiratuko dituztela adimen artifizialarekin sortutako edukiak.
Ahaztu egiten al da kazetaririk gabe ezin dela kazetaritzarik egin?
Garai nahasietan bizi gara gauzak ulertzeko, sormena zer den ulertzeko. Horren guztiaren harira, kazetaritzak interpelatua sentitu behar du. Krisi ontologiko batean gaude, eta horrek behartzen gaitu galdetzera nor garen eta zein den informazioaren balio soziala. Gizarteak ulertu behar du zer balio duen kalitatezko informazioak eta norbaitek informazio baten ardura izateak. Inork ez du bere gain hartzen makina batek sortutako informazioa. Mundu kapitalista batean bizi gara, eta badirudi saltzen ez denak ez duela baliorik, baina ez da hala. Informazioak sekulako balioa du.
Ez al da paradoxikoa noiz-eta teknologiaren tsunamiak bizitzaren eremu guztiak azpian hartu dituenean kazetariaren lana, pertsonena, nabarmendu behar izatea?
Nabarmendu behar da. Makina batek erantzunik onena ematen dio galdera edo agindu bati. Ez du galdetzen ea jendeak zerbait jakin beharko lukeen, hori kazetariaren autonomiatik abiatuta sortzen da. Kazetariak albistearen ardura hartzen du, makinak ez. Kazetariak gizarte justiziarako grina du, makinak ez. Beraz, kazetariaren lana nabarmendu behar da. Makinek ezin dute kazetaritza ordezkatu.
Neurri batean, gizakia adimen artifizialaren esku uzten ari al da pentsatzea eta gauzak egitea? Pentsatzeari uko egiten ari zaio jendea, nolabait esateko?
Bai, eta kezka piztu beharko liguke horrek. Gizarte gisa galdetu behar dugu ea hitzaren artikulazioa azpikontratatu behar dugun. Hitzaren artikulazioak agerian uzten du ni-a, baita nor garen ere. Beraz, hori azpikontratatzen badugu, ez gara hain pertsona, hain autonomo, hain libre. Oso ondo pentsatu behar dugu, bai pertsona gisa, bai gizarte gisa, ea hori makinen esku utzi behar dugun.