Malgutze bidean (eguneko laburpena)

26 PCR positibo berri atzeman dituzte, 15 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 11 Nafarroan. Beste hiru ospitaleratze izan dira COVID-19arekin lotuta, hirurak EAEn.

Igande goiza, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko maiatzaren 17a
19:06
Entzun

Azken egunotan gorabehera gehiegi izan dira datuen inguruan. Desdoitze baten jatorria deskubritu dugu gaur, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Osasun Ministerioak eguneko buletinean eskaintzen dituzten datuak bat ez etortzearena. EAEren kasuan, Osasun Ministerioa egun bateko atzerapenez ari da argitaratzen datuak. Duela gutxi arte, Osasun Ministerioak egunaren 20:00ak arteko datuak eskatzen zituen, eta orain 24:00ak artekoak eskatzen hasi da. Jaurlaritzak, eskaera bete, eta txostena hurrengo eguneko goizeko 08:00etan datatzen du. Ministerioak iragarri du bihartik aurrera eguneroko txostenaren eta agerraldiaren ordutegiak atzeratu egingo dituela, eta itxarotekoa da datuak berriro bat etortzen hastea. Dena den, Osasun Ministerioaren txostenean ustekabeko ohar bat ageri da gaur, PCR positiboen inguruan: "Euskal Autonomia Erkidegoak, 16 kasu berriez gain, lehenagoko 100 kasu jakinarazi ditu. Kasuen seriea berrikusten ari da". 100 kasu gehiago. Jaurlaritzak ez du datu hori azaldu bere komunikazioetan.

Joera positiboa. Gaur argitaratutako datuei dagokienez, azken egunetako joera positiboa berresten da: kutsatu berri gutxi eta ospitaleratze berri gutxi. Beste 26 positibo atzeman dituzte PCR proben bidez: 15 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 11 Nafarroan. Beste hiru ospitaleratze izan dira COVID-19arekin lotuta, hirurak EAEn. Nafarroan, hiru egun jarraian ospitaleratzerik gabe. Aurreneko bi egunetan baino hildako gehiago izan da, baina zifra bakarreko zenbakia: bederatzi pertsona hil dira koronabirusaren gaitzaren ondorioz (zazpi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bi Nafarroan), guztira 1.979 hildako.

Ordutegiak. Beste malguketa bat. 10.000 biztanletik beherako herrietan ez da izango kalera ateratzeko ordutegirik. Lehen, soilik 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi zirenek ez zuten ordutegirik. Orain, beste 36 udalerritako biztanleak irten ahal izango dira ordutegirik gabe.

Iganderoko bilera. Astero bezala, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta erkidegoetako lehendakariek bilera telematikoa izan dute. Kontu baten inguruan adostasun zabala izan dute: maskaren erabilera sustatzea zenbait eremutan. Osasun Ministerioak maskaren erabilera arautuko du datorren astean. Iñigo Urkullu lehendakariak bost proposamen eraman ditu bilerara. Horien artean, turismo aktiboari eta naturakoari bide ematea eta aurrez aurreko hezkuntza jarduera bultzatzea proposatu du Urkulluk. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, berriz, kontziliazioaren inguruko neurriak eskatu ditu, ikastetxeen jarduerari hurrengo ikasturtera arte berrekingo ez zaiolakoan.  

AGIAN HONEK ERE MEREZI DU

Urrezko harrobia. Futbolak diru asko mugitzen du, baina urrezko harrobia itxita dago, partidarik ez dagoelako. Diru sarrerarik gabe, ez telebista eskubideengatik, ez sarreren salmentagatik. Baina bigarren fasean, maiatzaren 25tik aurrera, gizonezkoen futbol profesionalean  partidak jokatzen hasteko aukera egongo da, baina ateak itxita eta publikorik gabe. Telebista eskubideen dirua hasiko da mugitzen baloiarekin batera.

Emakumeen kirola. Arrakala ageriago gelditu da emakumeen kirolaren kasuan. Emakumezkoen ligak bertan behera gelditu dira. Azkena, futboleko Espainiako Lehen Mailakoa, orain astebete. 

Langileak. Klubek eta kirolariek ez ezik, bestelako enpresa eta langile askok edaten dute goi mailako kirolaren iturritik. Ataka zailean gelditu dira langile asko. Lekukotasun batzuk jaso ditu Eñaut Agirrebengoa kazetariak: Elisa Arretxea fisioterapeuta, Maria Mentxaka argazkilaria, Juan Carlos Sanz zelai zaintzailea, eta Jito Silvestre tabernaria.

Oharra: Eguneroko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.