Maliko asilo eskatzaileak oraindik ere «kale gorrian» daudela salatu dute Gasteizen

Dozenaka lagun bildu dira Gasteizen kalean bizi diren asilo eskatzaileen alde. «Berehalako» konponbideak eskatu dizkiete administrazioei, eta salatu ez dela babes instituzionalik izan.

Gasteizko asilo eskatzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea, gaur eguerdian, Gasteizko udaletxe aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko asilo eskatzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea, gaur eguerdian, Gasteizko udaletxe aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko abenduaren 20a
14:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka lagun bildu dira gaur Gasteizko udaletxearen aurrean, kalean bizi diren asilo eskatzaileen egoera salatzeko eta administrazioei «berehalako» konponbideak eskatzeko. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz salatu du Malitik etorritako dozenaka asilo eskatzaile behartuta daudela kalean lo egitera, asilo eskaeren tramiteak amaitu bitartean. Hilabeteak igaro arren, egoerak ez du hobera egin, eta ohartarazi dute herritar horiek «kale gorrian» daudela oraindik ere. Hori dela eta, Konponbidea orain! aldarrikatu dute gaur eguerdian Gasteizko Plaza Berrian egin duten elkarretaratzean. Sindikatuaren eskariarekin bat egin dute hiriko beste hainbat eragile sozialek: Judimendiko Auzo Elkarteak, Zazpigarren Alaba auzo elkarteak, Argilan-ESK-k, Auzoan Bizik, Tinkuy migratzaileen kolektiboak, ESK-k, Gasteiz Antirrazistak, Arrazakeriaren Kontrako Gasteizko Asanbladak eta Wayrak.

Asilo eskatzaile gehienak Malitik ihesi iritsitakoak dira, nahiz eta tartean Boli Kostatik etorritakoak ere badauden. Azken urteetan, ohikoak izan dira estatu kolpeak Afrikako eskualde horretan. Malin, esaterako, Assimi Goita militarra boterean da 2020an izandako estatu kolpeaz geroztik —2021ean beste bat eman zuen—. Maiatzean iragarri zuen hauteskundeak mugarik gabe atzeratuko zituela, eta jardun politiko oro debekatu zuen. Ataka zail horretatik ihesi, Gasteizera iritsi dira dozenaka lagun, baina ez dute babes instituzionalik asilo eskaera tramitatu bitartean.

Abuztuaren hasieran, Donostiako Amara Berri auzoko kaleetan lo egiten ari ziren hainbat asilo eskatzaile Arantzazura (Oñati, Gipuzkoa) eraman zituzten. Hilaren erdialdean, berriz, Gasteizko Salburua auzoan zeuden zenbait lagun Arantzazura bertara, Tolosara (Gipuzkoa) eta Berrizera (Bizkaia) lekualdatu zituzten, asilo eskaerak ebatzi bitartean. Hala ere, egunetik egunera jende gehiago iristen da Arabako hiriburura, eta, tramite administratiboek irauten duten bitartean, kalean egoten dira gau eta egun.

Deitzaileen arabera, gerren eta pobreziaren ondorioz ihes egin behar izan dute beren herrialdetik. Asilo eskaeraren prozesuak urteak irauten duela salatu dute, eta denbora horretan asilo eskatzaileak «eskubiderik gabe eta babes instituzionalik gabe» geratzen direla. Elkarretaratzean gogorarazi dute, gainera, Gasteizen 7.000 etxebizitza baino gehiago daudela hutsik, eta, aldi berean, gero eta jende gehiagok lo egin behar izaten duela kalean. Datu ofizialen arabera, 233 lagun daude kale gorrian, nahiz eta, deitzaileen ustez, benetan «askoz gehiago» izan: «Milaka etxe hutsik eta milaka pertsona kalean. Eskubide batzuk lortzeko urteak behar dira, eta beste eskubide batzuk kentzeko, berriz, segundoak».

«Kontraesan horiek» sistema kapitalistarekin lotu dituzte. Salatu d ute kalean bizi direnen eskubide politiko eta zibilak etenda gelditzen direla, eta askotan kriminalizazioa eta jazarpena jasaten dituztela: «Hau ez da gizatasun edo enpatia kontu hutsa; ulertu behar da pertsona hauek hemen egotea gerrak eta desegonkortasuna eragiten dituen sistema baten ondorio dela».

Azkenik, kolektiboek klase elkartasunez jokatzera deitu dute, eta, migrazioaren eta pobretzearen atzean dauden arrazoi estrukturalak seinalatzeaz gain, jomugan jarri dituzte sistema kapitalista eta migrazio politika murriztaileak: «Jende horri elkartasuna adieraztea eta ahal dugun guztian laguntzea klase elkartasuneko ekintza bat da, berdinen artean etsai komun bat identifikatzeko ekintza bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.