Mamia aztertu ere egin gabe, Otegiri bozetara aurkeztea debekatu diote

Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu Otegiren helegitea. Erabakia jakin aurretik, «ziur aski» Europara joko duela esan du EH Bildukoak, eta ez dutela beste lehendakarigairik izendatuko

Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi irailaren 25eko hauteskundeetarako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena - Ander Perez Zala
Donostia
2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arnaldo Otegik kuriositatea zuen jakiteko juridikoki nola «jantziko» zuten balizko ezezko bat, atzo Catalunya Radion adierazi zuenez. Iluntzean heldu zitzaion erantzuna: jostun lan handirik ez dute egin Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileek. Aztertu ere egin gabe, atzera bota dute Otegiren defentsak haren inhabilitazioaren aurka aurkeztutako helegitea. Aurrez Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea eta Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegia bezala, ez da mamian sartu. Hala,EH Bilduk aukeratutako lehendakarigaiak ezingo du hautagai izan Eusko Legebiltzarrerako irailaren 25eko hauteskundeetan.

18:00etan hasi zuten bilera Auzitegi Konstituzionaleko lehen aretoko bost epaileek, helegitea tramiterako onartu ala ez eztabaidatzeko. Ordubete pasatxoko saioren ondoren, 19:30ak aldera jakin zen erantzuna: ezezkoa. Ondorioz, Espainiako auzitegien bidea bukatuta, 2021eko otsailera arte Otegik ez du izango sufragio pasiborako —hautatua izateko— eskubiderik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez badu aurkakorik esaten. Izan ere, Bateragune auziagatik zigortu zuten Otegi, eta han aztertzeko dute oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigor haren aurka defentsak jarritako helegitea.

Beraz, egoera horretan jarraituz gero, legez, Otegik ezingo luke aurkeztu Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetara ere. 2020an egin behar lirateke beranduenera, eta, Espainiako auzitegiek 2021. urtera arte inhabilitatu dute sufragio pasiborako.

Albistea jakin eta gutxira, sarean agertu zuen lehen erreakzioa EH Bilduk: «Isilarazi nahi gaituztenen gainetik, bete dezagun kalea eta sarea mezu argi batekin: Otegirekin egin herri». Mezu horrekin batera, Otegiren irudiaren silueta bat jarri zuten, hainbat mobilizazioetako argazkiekin betea. Eta lelo bat: «Lehendakaririk onena, herria». Irudi horrekin, hurrengo mezua jarri zuen Otegik berak: «Gaur, inoiz baino gehiago, irri egitera, irabaztera».

EAJk, berriz, ohar bidez adierazi zuen «deitoratu» egin zuen «Otegiren inhabilitazioaren auziak hauteskunde prozesu orotan bilatzen den benetako helburuari denbora eta espazioa kendu izana». Hala ere, adierazi zuen «nahiago» zukeela Otegi lehendakarigai aurkeztu ahal izatea.

Erabaki «politikoa»

Auziaren mamia aztertzera sartu gabe hartu du erabakia Konstituzionalak epaileek. Bederatzi orriko autoan, funtsean, Donostiako epaitegiak emandako argudioa erabili dute epaileek. Hau da, Espainiako Auzitegi Nazionalak, zigorren likidazioa egiterakoan —2013ko urtarrilaren 24an—, zehaztu zuela 2021era artekoa zela sufragio pasiborako inhabilitazioa, eta, defentsak hori behar zen garaian errekurritu ez zuenez, irmoa dela erabakia.

Konstituzionalak zehaztu du arlo penaleko zigor bat ezin zutela aldatu ez hauteskunde batzordeak, ezta administrazio auzietarako epaitegiek ere, ez dutelako horretarako eskumenik.

Erabakiaren berri izan aurretik, Otegi argi mintzatu zen Catalunya Radio-n; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezezkoa ebatziz gero, «ziur aski» Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela aurreratu zuen. Baina, edozein kasutan, azaldu zuen kanpaina egiten jarraituko duela, eta ez dutela inor gehiago izendatuko haren ordez: «Gauzak koherentziarekin egin behar dira, alegia, burujabetzaren aldekoak garela esaten dugu, beraz, ez dugu onartuko [Espainiako] Estatuaren halako esku sartzerik».

Hala ere, kanpainan ere izan dezake eraginik Konstituzionalaren erabakiak. EITBko administrazio kontseiluak erabaki zuen, Otegi azkenik inhabilitatuta geratuz gero, ezingo zuela parte hartu hedabide publikoko hauteskunde eztabaidetan. EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkarien botoekin hartu zuten erabaki hura.

Otegik esana zuen erabakia politikoa izango zela. Hala berretsi zuen atzo ere: «Plano politikoan planteatuko dute erabakia». Ohartarazi zuen Konstituzionalaren osaerak pisu handia izango zuela erabakian, gehiengoa PPk hautatua delako.

Akordiorako deia

Otegi legez EH Bilduren hautagai izango ez bada ere, hainbat proposamen egin ditu dagoeneko. Atzo goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, esaterako, dei egin zien EAJri zein Ahal Dugu-ri akordioak eztabaidatzera eta lortzera. Hiru arlotan: nazionalean, sozialean etagatazkaren ondorioetan. Otegi: «Tresna burujabeak behar ditugu alternatiba sozial bat eraikitzeko».

Goizean, Gipuzkoako zerrenda aurkeztu zuten;zerrenda «plurala», Iriarteren hitzetan. Orain Gipuzkoako zerrendaburu denak azaldu zuen Espainiako egoerak «argi» utzi duela hango estatuaren partetik «ezin dugula irtenbide demokratikorik» lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.