Bukatu da Leon XIV.ak Espainiara, Kataluniara eta Kanaria uharteetara egindako bisita. Eliza katolikoko buruak hainbat ekitalditan hartu du parte. Batek garrantzi berezia izan du: Espainiako Kongresuan hitz egiteko aukera izan du. Ganberan jaun eta jabe izan da Robert Francis Prevost. The boss. Aurrean komunioan belauniko (metaforikoki esanda) izan dituen politikari guztiei ostiak banatzen hastea, hori baizik ez du falta izan.
Zer egin du Leon XIV.ak herriaren borondatea errespetatu behar lukeen estatu baten erakundean? Bel Zaballa idazle eta kazetari katalanak ahoan bilorik gabe azaldu du: «Monarka absolutu hau lurreratu da eta, beste estatu baten botere legegilearen egoitzan —paperean akonfesionala dena, gogora dezagun— bere sermoi erlijiosoa hedatu du, non ganberak berak onartu eta araututako legeak eta eskubideak zalantzan jarri dituen. Eta beldurgarriena: beste inor ez bezala txalotu eta txalotu egin dute. Estatuaren laikotasuna, abortatzeko eskubidea eta eutanasiarako eskubidea defendatzen dituztenek ere bai». Monarka absolutua, bai, Mussolini faxistak 1929an Vatikano Hiriari estatu bihurtzeko eman zion pribilegioa erabiltzen duena: batetik, Elizako burua dugu; bestetik, estatuburua.
Eskerrak hipokrisia ariketa horrek salbuespenik izan duen. Podemosek eta BNGk koherentziaz jokatu, eta ez dute belaunikaldian parte hartu nahi izan
Noizko Estatua eta Eliza erabat bereiztea? Espainiako gobernu aurrerakoiak ez du laikotasuna garatu eta, gainera, Gorteetan bere mezua zabaltzen utzi dio fede katolikoaren goreneko ordezkariari. Zertarako eta honela jokatzeko, Bel Zaballaren iritziz: «Aita Santua abortatzeko eskubidea zalantzan jartzen ausartu da, izerdiz, oihuka, minez eta urte askotako borrokaz lortutako eskubidea —eta bermatua, nahikoa izan ez arren—, badakigulako zein den elizaren jarrera haurdunaldiaren etenaldiari buruz, baina onartezina da inor demokratikoki ordezkatzen ez duen pertsona bat gorteetako tribunara igotzea bere ideiak aldarrikatzeko». Hala ere, horixe egin du Leon XIV.ak. Kontuz, baina! Kritika ez da soilik adierazpen horiekin bat ez etortzearen ondorioa: inoiz abortuaren eta eutanasiaren alde mintzatu nahi izanez gero, Erroman, San Petri basilikatik egitea du lekurik egokiena.
Eskerrak hipokrisia ariketa horrek salbuespenik izan duen. Podemosek eta BNGk koherentziaz jokatu, eta ez dute belaunikaldian parte hartu. Galiziarrek txapela eranzteko moduko argudioak eman dituzte: «Ez du zentzurik erlijio-lider bat Kongresua bezalako erakunde batean hartzeak. Erakunde publikoek erlijio-gaietan mantendu behar duten neutraltasuna kontuan hartuta, BNG ez dago ados erlijio-lider bat jasotzeko saio berezi bat egitearekin».
Aurrekari ederra ezarri dute Pedro monarkikoak eta periferiako zenbait errepublikazalek. Prevost inoiz Hegoaldera badator, ez da zaila izango bidaiaren agenda asmatzea. Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarretan jardungo du. Zergatik ez? Gero, partida egun bat aukeratuko du San Mamesera joateko. Lehoien elastikoa jantziko du Leonek eta aldageletara jaitsiko da partida aurretik, ohi bezala, jokalariekin otoitz egitera. Horretaz ohartuta, badut realzaleren batzuk ateo bihurtuko diren esperantza, baina horrek ifrentzua izan dezake: athleticzale ateoak fededun bilakatzea. Zer egingo diogu, ba. Onenak ei gara —lo máximo, kubatarrek esango luketen moduan—, eta hara non galleguiñoek lezio ederra eman diguten beste errepubliketako katalan eta euskaldunoi. Celtaren zale bihurtu beharko al dugu? Manda carallo!
Gipuzkoako herri bateko zapataria zen. Arantzazuko fraideei sandaliak-eta konpontzen zizkien. Egun batean, ordaintzeko unean, bertara joateko esan zioten, bazkaltzera gonbidatuta. Gizonak baldintza bat ipini zien: anaiarekin joatea. Zapataria oso ona zen zirikatzen, baina anaia areago. Joan dira biak Arantzazura, bapo bazkaldu eta, hor daudela, fraideek galdetu: «Zer iruditzen zaizue hau?». Anaiak, haiei begiratu, eta: «Makina gutxi, baina enpresa handia duzue». Fraideek gogotik egin zuten barre. Zapatariak semeari azaldu zion. Hark niri kontatu dit.