xabier martin

Manera onen eltzea estatusaren suak probatuko du

2025eko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egungo euskal politikaren manera onak Espainiako egoera «penagarriarekin» eta «toxikotasunarekin» alderatuz abiarazi dute EAJk eta EH Bilduk urte politikoa. Kontrastea itzela baita Hegoaldean eztabaida politikoak dituen koordenatuen alboan jartzen bada Madrilgo makurkeria morala. Hemen, konfrontazio politikoari hezibide onaren mugen barruan eutsita lortu dute boto emaileen saria Eusko Legebiltzarraren ordezkaritzaren ia hiru laurdenak dituzten alderdiek, hau da, jeltzaleek eta bilkideek. Han, irain larriek hartu dute eztabaida politikoa, eta muturreko eskuinaren eta eskuin muturraren eraso faxistei polarizazioa esan diete hedabide gehienek.

«Zorionez», Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, «normaltasunaren barruan» doa aurrera konfrontazio politikoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, UPNk hausten du errespetuaren arau ez idatzizko hori. EH Bilduk inoiz ez bezalako babesa jaso du gizartearen eskutik errespetuzko eztabaida politikoa sustatu duenetik, Pello Otxandiano bozeramailea dela eredu horren buru. Hain zuzen, asteon agindu du EH Bildu ez dela jausiko «dena zapuzten duen Espainiako toxikotasunean». EAJk, berriz, aintzat hartu du euskal politikaren fase berria: Urkullu-Pradales erreleboa errealitate berri horrek azaltzen du. Egungo lehendakariak ez du plazaratzen, oro har, haren aurrekoak EH Bilduren aurka ohiko zuen oldarkortasuna; beste buruzagi gazte batek, EAJko eledun Joseba Diez Antxustegik, «Espainiako politikaren eguneroko ikuskizun lotsagarriaz» hitz egin berri du.

Baina noiz arte iraungo du esku leuneko tratu horrek nagusitasun politikoa jokatzen ari diren bi lehiakideen artean? Aurreko urteetan eduki garrantzitsuen legeak eztabaidatu eta onartu diren arren —kasurako, Hezkuntza legea—, koalizio subiranistak jakin izan du oposizioaren kritikari koordenatu berri horien barruan eusten, tenperaturak gora egin duenean. Halaber, hauteskundeak errenkadan iritsi dira, eta kanpainen arriskua ezaguna da: neurriz gain aritzen dira sarri hautagaiak. Azterketa horiek ere gainditu ditu zuhurtziak, gutxi gorabehera. Aurrera doan legealdian, ordea, manera onen eltzea probatuko dute badatozen su bik: estatus berriak eta euskararen legeak.

Bizkarrezurra ukitzen

EH Bilduren eta EAJren bizkarrezurrei eragiten baitiete eduki horiek, euskal gizartearenari eragiten dieten heinean. Koalizio abertzaleak ohartarazi du garaia dela sukaldean dabilen burujabetzaren elefanteaz aritzeko. Otxandianok galdegin du «agenda politikoaren erdian» jartzea, eta EBBko presidente Aitor Estebanek, bere betiko zuhurtzia utzi gabe, aurreratu du urte bukaerarako akordiorako oinarri bat egon daitekeela: «Baina gauzak asko azkartu beharko lirateke».

Diskrezioaren izarapeko negoziazioen emaitzak plaza publikora —Eusko Legebiltzarrera— ateratzeko fasea iritsiko da luze gabe. EAJ, EH Bildu, PSE eta PSOEren arteko elkarrizketen emaitzek egonkortu egin dezakete eztabaida politiko bridatua, edo alderantziz

Hau da, diskrezioaren izarapean dauden negoziazioen emaitzak plaza publikora —Eusko Legebiltzarrera— ateratzeko fasea iritsiko da datozen hilabeteetan, eta EAJ, EH Bildu, PSE eta PSOEren arteko elkarrizketen balizko porrot batek kolokan jar dezake giro politikoa. Aitzitik, burujabetzan urrats handi bat egiteko akordio batek egonkortu egingo luke eztabaida bridatua.

Euskara da alderdiak casus belli batera hurbildu ditzakeen beste edukia. Euskararen aurkako oldarraldi judizialak eta politikoak su hesi bat eraikitzeko premia eragin dute, eta ikusteko dago Jaurlaritzako bazkide bien arteko egungo desadostasunak nola bukatuko duen. Aurreko legealdian, Hezkuntza legeak asko tenkatu zituen jeltzaleen eta bilkideen arteko harremanak. Izan ere, EAJk sozialistekin egin zuen ituna azkenerako, bazterrean utzita aurretik EH Bildurekin egindako negoziazio luzeak.

Imanol Pradales eta Pello Otxandiano, herenegun izan zuten bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Pradales eta Pello Otxandiano, herenegun izan zuten bileran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Zaurietan zirika

Finean, badira konfrontazio politikoan egungo forma leunetan egiteko moduko eztabaidak, esaterako aurrekontuena eta gaurkotasunari lotutako eduki nagusiena: etxebizitza, osasuna, zaintza, segurtasuna... Eta badira hezibide onaren giroa ezbaian jar ditzaketen osagaiak, uda honetan ikusi den antzera. Txosnen auzia, kanporatutako poliziak direla eta, euskal presoen argazkien aurkako ekinaldia, Ertzaintzaren esku hartze batzuk, eta, are, Palestinaren aldeko protestak Espainiako Vueltan, horiek guztiek gogorarazi dute Euskal Herrian oraindik erraza dela sua piztea, eta hala izango dela aurrerantzean ere, batik bat memoriari lotutako gaietan; behinik behin aurrera egiten badu azken mende erdian gertatutakoa azaltzeko kontakizun bakarra ezartzeko saioak, esaterako Txiki eta Otaegi biktimario gisa azalduta.

Pradalesek «onartezina den salbuespentzat» jo ditu «udaren normaltasunaren barruan» txosnetatik polizia batzuk kanporatzearen «indarkeria eta bazterketa». Otegik «udako folletoi» esan die auzi horiei, garrantzia kenduz. Batera edo bestera, egun, alderdi abertzaleek tentuz zigortzen dute aurkari politikoa, lehiakideari egotziko diotena ongi neurtuz, bai baitakite boto emaile gehienek ez dutela nahi Espainian dagoen hitzezko indarkeria politikoaren parekoa. Zauri batzuk ixten doaz; beste batzuk ez dira sekula itxiko, are gutxiago zaurietan zirika ibiliz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.