17:10etan abiatu da Kontseiluak antolatutako manifestazioa Antiguako tuneletik. Kontseiluko kideek, hau da, euskalgintzako hainbat erakundetako arduradunek, daramate pankarta nagusia, besteak beste, Xabier Mendiguren idazkari nagusiak eta Joan Mari Torrealdai kulturgile eta 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotua izan zenak. Haien atzetik doaz agintariak, politikariak, sindikatuetako buruzagiak, hainbat kultur eta gizarte eragile eta atxilotuen senideak. Baita Martxelo Otamendi 'Egunkaria¡-ko eta 'Berria'-ko zuzendaria ere.
Ondoren, atxilotuak askatzeko eskatzen duen pankarta eta haien atzetik kultur parkeko langileak; besteak beste, 'Berria'-koak. Eta haien guztien atzetik, milaka herritar. Nolanahi ere, jende askok nahiago izan du manifestazioa abiatzekoa zen lekura hurbildu baino Kontxako pasealekuan zein San Martin kalean zain geratu, horrela, manifestazio burua heldu ahala segiziora sartzeko. Ondorioz, oso geldi egin du ibilbidea manifestazio buruak.
'Atxilotuak askatu', 'Ez, ez, ez, torturarik ez' eta 'Euskal Herria aurrera!' ozen entzun dira manifestazioaren hasieran, baita txalo zaparrada ere. Manifestazioak aurrera egin ahala, ordea, isiltasuna nagusitzen joaon da, agi denez, jendeak sentitzen duen animoaren isla.
'Egunkaria'-ren zein 'Berria'-ren aldeko elastikoak daramatza jende askok soinean, eta ikurriñak ere bai eskuetan.
Jende ezaguna, asko:Josu Jon Imaz Jaurlaraitzako Industria sailburua eta bozeramailea, Miren Azkarate Kultura sailburua, Joseba Azkarraga Justiziakoa, eta Anjeles Iztueta Hezkuntzakoa. Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusia ere han da. Baita Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusia eta Rafa Diez LABeko, Jesus Uzkudun CCOOko burua eta Unzalu Salterain EHNEko kidea. Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolriak, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendaria, Jorge Jimenez Editoreen elkarteko burua, Jon Salaberria SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkidea, Patxi Zabaleta Aralar-eko koordinatzailea, Gorka Knörr EAko idazkari nagusia, Joseba Egibar EAJko EBBko idazkaria, Itziar Lopategi AuBko bozeramailea, Antton Karrera EB-IUko burua, Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzailea, Joxanton Artze idazlea, Juan Mari Irigoien idazlea, Joxe Mari Iturralde idazlea… bildu dira beste milaka herritarrekin batera manifestaziora.
Auto ilada handiak ari dira gertatzen Donostiako sarreretan, batik bat, Amarakoan. Udaltzainak eta ertzainak trafikoa ohikoak ez diren lekuetatik bideratzen saiatzen ari dira.
Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa / Donostiako manifestazioa
Manifestazio burua Bulevarrean, eta azkenak, berriz, San Martin kalean
Zazpiak hamar gutxi aldera heldu da manifestazio burua Donostiako Bulevarrera. Atzetik milaka lagun zihoazen, eta haietako azkenak, San Martin kalean, Artzain Onaren katedralaren parera iritsi ezinda. Hitzaldiak amaitu eta gero ere, pare hori ezin gaindituta zebiltzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu