Aurtengo udaberrian Azpeitian (Gipuzkoa) egin moduan, 2025ean ere Euskal Herria Bizirik-ek manifestazio nazionala egingo du, Gasteizen oraingoan, martxoaren 22an. Energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura handien aurkako plataformen sareak salatu duenez, herritarren zorpetzetik aurrera atera diren diru sailak aprobetxatu nahi dituzte enpresa handiek azpiegiturak egiteko. Azaldu du Europako, Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko erakunde publikoek rol aktiboa izan dutela horretan.
Erlazionatuta
Horren adibidetzat jo dute Eusko Jaurlaritza onartzear den LPS lurralde plan sektoriala, uste baitute «herritarren iritzia kontuan hartu gabe» aterako dela aurrera. Hori dela eta, bertan behera uzteko eskatu du sareak. Gaur egungo «hondamendi ekologikoari» aterabidea aurkitu behar zaiola azaldu dute, «kapitalismo berdearen promes faltsuetatik harago». Hori dela eta, beharrezko iruditzen zaie kapitalismoa gainditzea.
Azkenik, Aroztegiko lurrak defendatu dituztenen aurkako auzia ere salatu dute: «Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu diete, talde kriminala izatea leporatuta. Lurraldearen defentsa ezin da kriminalizatu, eta aurre egin behar diogu gure herrietako bizitzaren aldeko borrokak kikildu nahi dituen zentzugabekeria horri».
Hernanin jakinarazi zuten manifestaldiaren deialdia, atzo. Uste dute Gipuzkoako herri hori «adibide ezin hobea» dela egoera ikusarazteko, «Repsolek Euskal Herriko instalazio eolikorik handiena ezarri nahi» duelako Urumea aldeko mendietan.