Iruñean izango da hitzordua. Herenegun izandako polizia operazioen aurka, Gernikako Akordioa izenpetu duten eragile guztiek elkarrekin, euskal herritarrei dei egin diete etzi Nafarroan egingo den nazio manifestazioan parte hartzera. Bake bidean, aterabide demokratikoak orain. Atxiloketa gehiagorik ez lelopean, 17:30ean aterako da Golem zinema aretoetatik. «Euskal herritarrei dei egiten diegu gurekin batera bake eta aterabide demokratikoen bidean are eta kemen handiagoz jarrai dezaten. Euskal Herriak bake eta askatasun agertokia nahi eta behar duelako. Oztopoak oztopo, guztion ahaleginez lortuko dugulako», aldarrikatu zuen atzo Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eragile guztien izenean.
Iruñekoan ez ezik, atxiloketen aurkako protesten oihartzuna Euskal Herri osoan entzungo da gaur. Batetik, 12:30ean, Hego Euskal Herrikolau hiriburuetan gobernuaren ordezkaritzetara joko dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta gutun bana banatuko dute atxilotu guztiei lehenbailehen inkomunikazio egoera altxatzeko eta haiek aske uzteko eskatzeko.
Bestetik, arratsaldean, Euskal Herri osoan elkarretaratzeak egingo dituzte, 19:30ean. Herri bakoitzean ohiko tokietan izango dira. Hiriburuetan, berriz, honako toki hauetan: Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean; Donostian, Bulebarrean; eta, Iruñean, Gazteluko plazan. Gasteizen, berriz, Correosen egingo dute, 20:00etan. Atzo ere egin zituzten mobilizazioak. Etxarri Aranatzen, esate baterako, 170 lagun batu ziren, eta udalak mozio bat onartu zuen, atxilotuei babesa emateko.
Larunbaterako ekitaldi publikoa deitua zuten Gernikako Akordioaren sinatzaileek, Donostian egiteko. Alabaina, egunotako gertaeren ondorioz, deialdi hori atzeratzea erabaki dute, eta «ahalik eta azkarrena» noiz egingo duten jakinaraziko dutela diote.
Ekimen guztion berri Iruñean atzo eskainitako prentsaurrekoan eman zuten Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Ainhoa Etxaideri egokitu zitzaion euskaraz hitz egitea, eta ESK-ko Xabier Barberri gaztelaniaz. Mahaiaren inguruan eta atzean hauek izan ziren, besteak beste: Alternatibako Oskar Matute; EAko Pello Urizar eta Maiorga Ramirez; ezker abertzaleko Txelui Moreno, Marine Pueyo eta Xanti Kiroga;Aralarreko Txentxo Jimenez eta Asun Fernandez Garaialde; LABeko Igor Arroyo; Etxerat-eko Mattin Troitiño; eta TATeko Lorea Bilbao.
Espainiako Gobernuari mezua
Prentsaurreko horretan, Gernikako Akordioan bildutako eragile guztiek herenegun Hego Euskal Herrian izandako 11 atxiloketak salatu zituzten. Atxilotuetatik bederatzi Nafarroan izan ziren. Horregatik, gogora ekarri dute guztiak ere «jarduera politiko ezagunetan aritzen diren herritarrak» direla, eta bortizki atxilo harturik euren etxeetatik eraman dituztela. «Berriro ere arrazoi politiko hutsei erantzuten dien jazarpenaren ondorio larriak nozitu dituzte», salatu dute.
Hori ikusita, Espainiako Gobernuari eta estatuko gainontzeko botereei mezu bat helarazi nahi izan diete. «ETA erakunde armatuak urtarrilaren 10ean ezagutarazitako su-eten iraunkorraren, orokorraren eta egiaztagarriaren ondoren estatuak ere urratsak egin behar ditu, Euskal Herria bake eta normalkuntza politikorantz egiten ari den bidean oztopoak jarri beharrean». Gernikako Akordioaren eragileen arabera, azken atxiloketek «Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoa oztopatzea eta galaraztea dute helburu». Alabaina, ohartarazi dute ez diotela Estatuari «ahalmen hori emango».
Gernikako Akordioa bide orri gisa harturik eta Euskal Herriko gatazka behin betiko konpondu arte, «pertsona guztien eskubideen defentsan» euren konpromisoa adierazi dute. «Euskal jendartearen nahi eta beharrekin bat eginez, Espainiako Estatuak jarritako oztopoak gaindituz aurrera egiteko borondatea adierazi nahi dugu», azaldu du Etxaidek.
Hori dela eta, Espainiako Gobernuari «Euskal Herriari bake eta aterabide demokratiko bat egiten uzteko eta bide horretan normalkuntza politikoa ekarriko duten neurriak hartzeko» dei zuzena egin diote.
Gogoan izan behar da irailetik hainbatpolizia operazio izan direla, eta etorkizunean gehiago etor daitezkeen aukera iradoki duela Espainiako Gobernuak. Herenegungo operazioaren ondotik, Alfredo Perez Rubalcabak azpimarratu zuen exekutiboak bereari eutsiko diola eta estrategiaz aldatzeko asmorik ez duela.
Herenegun atxilotu zituzten herritarrak askatzeko edo atxilotze egoerak irauten duen bitartean «torturarik egon ez dadin» neurriak hartzeko eskatu diote Espainiako Estatuari, hala nola inkomunikazio egoera altxatuz. «Hemendik aurrera, atxiloketarik ez egoteko eta sarekaden dinamika bortitza bertan behera uzteko eskatzen diegu, jazarpen ideologikoa oinarri duen estrategiari uko eginez eta pertsona, ideia, proiektu guztiei bidea emanez, indarkeriarik gabeko agertoki demokratiko baterantz».
Siglen gainetik indarrak bildu
Irmo adierazi dute aterabide demokratiko baten alde lan egiteko asmoa dutela, eta herritarrei ere dei egin diete «are eta kemen handiagoz» bide horretan jarraitzeko. Bide horretan indarrak biltzeko mezua zabaldu dute: «Ez dugu zalantzarik. Prozesu hau bururaino eraman nahi dugun herritar guztiok siglen eta atxikimendu politikoen gainetik indarrak bildu behar ditugu». Beren ikuspuntutik, euskal herritarrei bakarrik dagokie bide hori egitea: «Ez Espainiako Estatuak ez inork ezin dio euskal gizarteari bake itxaropena eta askatasun ametsa lapurtu».
Polizia operazioak. Erreakzioak
Manifestaziora deitu dute Gernikako Akordioko eragileek etziko Iruñerako
«Sarekaden dinamika» bertan behera utzi eta indarkeriarik gabeko agertokirantz pausoak emateko exijitu diote estatuariElkarretaratzeak egingo dituzte gaur Euskal Herri osoan, atxilotuak askatzeko eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu