Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gaztetxea "erabateko enfrentamendu" baten bila ari dela salatu zuen atzo. Maravillas gaztetxeko kideek, ohar bidez, adierazi dute gezurra dela Solanak errandakoa, eta egiaz Nafarroako Gobernuak nahi duela enfretamendua. Gaztetxeak gertatutakoaren bere bertsioa eman du.
Zabaldutako oharrean adierazi duenez, Nafarroako Gobernuaren erantzuna kanporatzearen aldekoa izan da hasieratik: "Bi hilabetez egon ginen mahaian eserita gobernuarekin Maravillas gaztetxea bizirik mantendu zezakeen irtenbidea bilatu nahian". Jasotako eskaintza bakarra, ordea, "alde" egitea eta "sortutako kalteak ordaintzea" izan zen. Gaztetxearen aburuz, ordea ,"20 urtean abandonatuta egon den espazio bat auzotarrentzat irekitzea" ez da kaltea.
Maravillaseko kideek salatu dutenez, gobernuarekin akordiorik lortu ez eta eraikina okupatu ondoren hasitako bide judizialak aurrera jarraitu du. Kaleratzeaz gain, gaztetxeak salatu du gobernua akusazio partikular gisa aurkeztu dela eraikina kautelaz hustea eskatzeko. Horrekin, gaztetxearen arabera, argi ikusten da gobernuak duela "jarrera ofentsiboa", eta ez gaztetxeak.
Gainera, kezka adierazi dute foruzainen hainbat patruila gaztetxera hurbildu zirelako atzo goizean eta helikoptero bat gaztetxeko teilatuko irudiak hartzen hasi zelako. Gaztetxeko kideen iritziz, atzoko operatiboak helburu argia zuen: "Hustea prestatzeko informazio bilketa zuen helburu".
Salatu dutenez, "argi" dago Nafarroako Gobernua dela “errepresioaren bidea” hartu duena. Gaztetxearen aurka jotzen badute, “defendatuko” dutela argi utzi dute.
LABek eta Sortuk gaztetxea ez husteko eskatu diote Geroa Bairi, eta elkartasuna adierazi diete gaztetxeko kideei. Sortuk zabaldutako oharrean idatzi duenez, gaztetxea husten badute "aldaketak galdu eta erregimenak irabaziko du". Gaztetxe eta bertzelako espazio guztietan aldaketaren alde lan egiteko deia egin du alderdi abertzaleak.
LABek, berriz, salatu du Geroa Bairen jarreran "autogestionatutako gazteen proiektuen aurkako gorroto ideologikoa" dagoela. Maravillas gaztetxearen alde mobilizatzeko deia egin die sindikatuak bere langileei.