Marbella bat Urdaibain

Bizkaiko agintari frankistek Urdaibai porlanez betetzeko plan bat onartu zuten 1968. urtean, eta garai hartan ETAn militatzen zuten ikasle batzuk proiektuaren kontra mugitzen hasi ziren, natur eremua babesteko.

Urdaibairen aprobetxamendurako hirigintza proiektuaren maketa. GERNIKAZARRA HISTORIA TALDEA
Urdaibairen aprobetxamendurako hirigintza proiektuaren maketa. GERNIKAZARRA HISTORIA TALDEA
inaut matauko rada
GERNIKA-LUMO
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urdaibai, bere argi eta itzalekin, Euskal Herriko natura ingurune berezi eta aberatsenetako bat da egun. Hori bera aitortzeko eta tokia babesteko, 1984. urtean biosfera erreserba izendatu zuen Unescok, eta handik bost urtera ingurune hori arautzeko legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Jarraian etorri ziren beste babes neurri batzuk. Baina mehatxuei ere aurre egin behar izan zien estuarioak, naturagune hori suntsi zezakeen proiektu bat onartu baitzuen 1968. urtean Bizkaiko diputazio frankistak; borrokaz eta istorio bitxiez osatutako gertakari batzuek, ordea, promotoreen ametsak zapuztu zituzten.

Diktadura frankista irekiera garai betean zen orduan: nazioartean babes handiagoa izateko eta Mendebaldeko blokean gutxinaka integratzen hasteko, hala moduzko irekiera garai bati ekin zion, eta Espainia eta Hego Euskal Herria garapen mugatuko fase batean sartu ziren, urteetan iraundako autarkia atzean utzita. Garapen horrek hainbat aferatako proiektuak bultzatzea ekarri zuen —etxebizitza, energia, azpiegiturak...—, eta turismoa izan zen horietako bat; sektore horrekin lotutako azpiegiturak egiten hasi ziren han eta hemen.

Testuinguru horretan, Bizkaiko diputazioak hirigintza plan bat onartu zuen Urdaibairako: errekari ibilgu artifizial bat egin nahi zioten Gernika-Lumotik Laida hondartzaraino, eta estuario guztia artifizializatu. Eskualdeko ekonomia turismora bideratzeko plan bat zen. Baina proiektuari atera zitzaizkion kontra egingo ziotenak.

«Zertan zetzan plana? Inguru hau guztia Marbella balitz bezala garatzea: kirol portu handiak egitea, padura lehortzea»

JOSE ANGEL ETXANIZ, 'TXATO' Historialaria eta ikertzailea

Nerabezaroan harrapatu zuen Jose Angel Etxaniz Txato frankismoaren amaierak. Historia garaikidearen ikerlari ezaguna da Etxaniz, eta Gernikazarra historia taldeko kide da. Gernika-Lumoko udaletxearen parean dute egoitza, azken solairuan. Liburu eta artxibo mordoen artean, eskualdeko historia ulertzen laguntzen duten oroigarriak ere badira apalategietan, hala nola Gernikako 1937ko bonbardaketan eztanda egin gabe geratu zen su bonba bat. Garbi azaldu du Etxanizek orduko hirigintza plana: «Zertan zetzan plana? Inguru hau guztia Marbella balitz bezala garatzea: kirol portu handiak egitea, padura lehortzea, atunontziak konpontzeko ontziola bat egitea eta garai horretan inoiz entzun ez genituen bi merkataritza gune handi eraikitzea. Inguruko biodibertsitate guztia suntsitzea zekarren horrek».

Lehen protestak

Etxanizek azaldu du sei edo zazpi gazte proiektuaren kontra mugitzen hasi zirela: «Ikasleak ziren denak, Gernikako burgesia txikiaren semeak, eta ETAn militatzen zuten orduan denek. Asko gustatzen zitzaien inguruan bizikletaz ibiltzea, eta orduan planaren berri izan zuten». Horren aurka hasi ziren mugitzen, baina «oso isilean»; izan ere, Etxanizek azaldu duenez, inguruko jende askok interesa zuen proiektu hori aurrera atera zedin, lur jabeek eta ostalaritzako enpresariek batez ere. Bereziki, Muruetako ontziolako jabeek zuten interes gehien proiektu horrek aurrera egin zezan: «Ontziolak Inmobiliaria Murueta izeneko higiezinen enpresa bat sortu zuen, eta jada erosita zeuzkan lurrak. Eremu horretan uholde arriskua zegoen, eta enpresa hasia zen jada lur horiek dragatzen, etorkizunean han eraiki ahal izateko».

Istorioan ezinbesteko izango ziren gazteak —Jon Larrinaga Apraiz, Jose Allende, Paco Letamendia Ortzi eta Periko Ibarra— informazio nahian zeuden, proiektuaren gakoak ezagutzeko, eta informazio hori lortzeko eskatu zioten Ibarrari, haren aita Iniziatiba Turistikoen Bizkaiko Zentroko presidenteordea baitzen; hala lortu zuten maketak ikustea, eta «oharrak hartu zituzten», Etxanizen arabera: «Ohartu nor ziren: Larrinaga ostera Ingurumen sailburua izan zen; Allendek Nuklearrik Gabeko Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordea muntatu zuen; Ortzi denok dakigu nor den, abokatua eta pertsona ezaguna politikan; eta Periko Ibarra, saltsa guztien perrexila».

«Ontziolak jada erosita zeuzkan lurrak. Eremu horretan uholde arriskua zegoen, eta enpresa hasia zen jada lur horiek dragatzen, etorkizunean han eraiki ahal izateko»

IJOSE ANGEL ETXANIZ, 'TXATO' Historialaria eta ikertzailea

Gazteak ohartu ziren 1969ko urtarrilaren hasieran aurkeztu behar zutela proiektua. Goi mailako aurkezpena egin zuten, Gernika-Lumoko gizarte etxeko zineman: bertan ziren mandatari guztiak, inguruko alkate eta zinegotzi frankistak, promotoreak, eraikuntza arloko enpresariak eta lur jabeak, besteak beste. «450 edo 500 pertsona interesdun zeuden hor, baina mutiko haiek ere joan ziren, orduan 18 eta 20 urte artean zituztela. Toki estrategiko batean kokatu ziren, eta Jon Larrinaga Apraiz altxatu zen». Ekonomia ikasten zuen orduan Bilbon, eta planaren kontrako hitzaldia egin zuen, aurrez «ondo ikasia» zeraman-eta proiektua: «Imajina dezakezu zer-nolako iskanbila sortu zen han».

Larrinaga urtarrilaren 25ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, baita Carlos Artola Txarli ere, baina hori azkar askatu zuten; Larrinaga, berriz, udara arte egon zen Basauriko kartzelan (Bizkaia). Bitarte horretan, otsailaren 17an, ezezagun batzuek ekintza bat egin zuten gauez, eta inork ez zuen bere gain hartu: Gernikako Batzar Etxean sartu ziren, eta bertan zeuden planoak eta maketak lapurtu zituzten. «La Gaceta del Norte-n albiste bat atera zen hurrengo egunean. Inork ez zuen ekintza hura bere gain hartu, harik eta, urte batzuk geroago, ETAk Zutik batean halaxe egin zuen arte», azaldu du Etxanizek.

Gernikako ibaiko urbanizazio planoak eraman zituzteneko albistea, La Gaceta del Norte egunkarian.
Hirigintza proiektuaren planoak hartu zituzteneko albistea, La Gaceta del Norte egunkarian.

Arkitektoak, kontra

Diputazioak planarekin aurrera jarraitu zuen, baina giro politiko nahasiko garai bat zen: «Burgosko Prozesua martxan zegoen, frankismoan geunden oraindik. Ni ere orduan hasi nintzen militatzen». Bada, Busturiko bizilagunak proiektuaren kontra azaldu ziren, eta Auzoarteko izeneko auzo elkarte bat sortu zuten 1970ean, nahiz eta elkartea ez zuten 1974ra arte legeztatu: «Proiektua inpugnatzen hasi ziren bide judizialetik, borrokarako zegoen zirrikitu legal bakanetakotik». Baina orduan bi arkitekto ezagunen «isilpeko» babesa jasotzen hasi ziren: Rufino Basañezena eta Javier Arginzonizena.

Basañez Bizkaiko Arkitektoen presidentea zen, eta Arginzoniz ezaguna zen inguruan, «1960ko hamarkadaren amaieran Idazmakina egin baitzuen, Laida hondartzaren gaineko urbanizazioa. Konturatu zen barrabaskeria bat egin zuela, eta auzo elkartearekin kolaboratzen hasi ziren bera eta arkitektoen eskola, eta demandak jartzen hasi ziren».

Proiektua indarra galtzen hasi zen, eta azkenean indargabetu egin zuten, Franco hil aurretik. Hala ere, Inmobiliaria Murueta lur horien jabea zen oraindik, eta bere asmoei eusten zien; inbertsioak egiteko proposamenak iristen hasi zitzaizkion. Baina proiektuen kontrakoek bazuten informazio hori eskuratzeko bidea: «Larrinaga, Belgikan erbesteratuta egon eta gero, Bilboko Bankuan kontratatu zuten, ikerketa zerbitzuan, eta bazuen inbertsio asmo guztien berri. Beraz, proiektu bat iristen zen bakoitzean, haren kontrako artikulu bat ateratzen zen hurrengo Hoja del lunes-en».

«[Arginzoniz] Konturatu zen barrabaskeria bat egin zuela, eta auzo elkartearekin kolaboratzen hasi ziren bera eta arkitektoen eskola, eta demandak jartzen hasi ziren»

JOSE ANGEL ETXANIZ, 'TXATO' Historialaria eta ikertzailea

1982. urtean bilkura handi bat antolatu zuten aipatutako pertsonek, Urdaibairen defentsan. Euskadiko Ezkerrakoak ziren gehienak, eta Urdaibain proiektu handirik ez egiteko eskatu zion Larrinagak frankismo osteko lehen Eusko Jaurlaritzako sailburuari. Etxaniz bera orduko EAJko sailburuarekin egindako bilkuraren batean izan zen, eta, azaldu duenez, eskualdeko EAJ estutu behar zutela esan zien, haiek baitzuten interesa proiektua garatzeko. Azkenean, 1984an lortu zuten Urdaibai biosfera erreserba izendatzea.

Urte asko igaro dira ordutik, eta, izendapenak natura ingurunea babesteko balio izan badu ere, Etxanizek nabarmendu du ordutik bai Jaurlaritzak bai Bizkaiko Foru Aldundiak utzita dutela ingurua, inolako inbertsiorik egin gabe. Izan ere, azaldu duen moduan, biosfera erreserbek ere garapen jasangarria behar dute, baina industria eta nekazaritza gain behera doaz eskualdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.