Olga Tubau. Mareyren abokatu izana

«Marey biktima zen, eta epaiketan esaten zioten erruduna zela»

Jose Barrionuevo espetxeratzeko lanean aritu zirenetako bat izan zen Tubau. Orain ministro ohiak esandakoek ez dute harritu, gertaerak jada frogatuta baitaude, baina bai adierazpenak egiteko erabili duen tonu harroak.

Josep Casulleras Nualart - Josep Rexach Fumanya
Vilaweb
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok Segundo Mareyren bahiketa eta gerra zikina justifikatu izanak erreakzio sorta eragin du. Adierazpen horiez mintzatu da Vilaweb Olga Tubaurekin (Paris, 1961), Mareyren abokatu izandakoarekin. Barrionuevo eta enparauak espetxeratzea lortu zuten abokatuetako bat izan zen, nahiz eta horiek laster jaso zituzten indultuak. «Estatu demokratiko batean, non estatuak babestu egin behar duen, nola antolatu zitzakeen bahiketak, hilketak, Lasa, Zabala...? Harrigarria eta etsigarria da, eta, gainera, konturatzen zara ez dagoela modurik gizarte bat blindatzeko hura berriz gerta ez dadin», adierazi dio Kataluniako hedabideari.

Nola prestatu zenuen Mareyren defentsa?

Prestaketan, ohartarazi genion defentsetako batzuk saiatuko zirela galdeketa baliatzen agerian uzteko Sokoarekin harremanak zituela. Segundo Marey komertziala zen, eta haren enpresak harremanak izan zituen Sokoarekin. Hortik tiraka, defentsek mezu bat bidali nahi zuten: «Bueno, ez zen Mikel Lujua etakidea, baina loturaren bat izan behar zuen...». Izan ere, Barrionuevok ere esaten du elkarrizketan...

«Giroko horretakoa zen», dio Barrionuevok Mareyri buruz.

Horretaz ari da. Bizpahiru galdeketatan eskatu behar izan nuen zenbait galdera desegokitzat jotzeko; asko presionatu zuten Sokoaren gaiarekin. Bera biktima bat zen, bederatzi egunez eduki zuten burua estalita, egunero esaten zioten hilko zutela, eta epaiketan esaten zioten erruduna zela.

Barrionuevok dio bahituta eduki zuten bederatzi egunetan desagerraraztea aztertu zutela.

Defentsaren kargu egin eta kasua aztertzean, esaten genuen: frantziar herritartasuna zuelako askatu zuten. Hil balute, Frantzia ez zen besoak gurutzatuta geratuko. Ikertzea exijituko zuten, edo eurek ikertuko zuten. Edo nazioarteko kexa bat aurkeztuko zuten. Uste dut arrazoiz suposatu dezakegula espainiarra balitz hil egingo zutela.

Barrionuevok gezurra esaten du bere adierazpenetan. Hasieratik beretik zekiten nahastu zirela.

Arratsaldeko zortzietan bahitu zuten, eta gau hartan Frantziako Estatua Espainiarekin harremanetan jarri zen, Segundo Marey izeneko bat bahitu zutela esanez. Eta ez zuela zerikusirik ustezko etakide batekin. Askatu beharrean, bahituta atxiki zuten. Marey askatzean, gutun bat aurkitu zuten haren poltsikoan: hartan jartzen zuen Frantziako Estatuaren borondate oneko keinua aitortzeko askatu zutela. Jose Maria Larretxea Goñiren bahiketa saiakeragatik atxilotutako Espainiako poliziak askatu izanaz ari ziren.

Zer ari da Barrionuevo orain hori guztia kontatzen?

Hori da gehien harritzen nauena, esandakoak ez bainau harritu.

Tonua?

Bai. Harrokeria puntu bat duen tonu hori, eta nola ematen dion nolabaiteko legitimazio moral bat egindakoa justifikatzean. Herritarrei adierazten die ziurtzat jotzen duela gu guztiok bat egiten dugula egin zuenarekin.

Adierazpenek balio dezakete ikerketaren bat berriz irekitzeko?

Ez. Segundo Mareyren bahiketari dagokionez, 1998ko uztaileko ebazpen bat dago, zera dioena: zuek talde armatu bat muntatu zenuten, bahiketa bat egin zenuten, eta estatuko funtsak erabili zenituzten; eta horregatik, hamar urteko espetxe zigorra ezartzen dizuegu. Ebazpena betetzeko prozesua espetxeratzearekin hasi zen. Gero, indultua eskatu zuten, eta, hiru hilabeteren buruan eman zitzaien, marka guztiak hautsita. Jada ezin da ezer egin. Barrionuevok, hitz egitean, ez dio ezer berria gehitzen ebazpenari. Epaileek ez zuten haren aitortza behar izan.

Nola hartu zenituen indultu horiek?

Abokatu, herritar eta Segundo Mareyrekin harreman zuzena zuen pertsona gisa, etsipenez eta tristuraz. Poztasun juridiko eta morala genuen zigor ebazpenarekin, baina, ebazpena betetzen ez bada, justizia administraziotik ez da ateratako dokumentu sinboliko bat baino gehiago. Ezin da zigorra soilik izan xede. Gizarteratzea eta heziketa ere behar dira, baina zigorrak ordain eta prebentzio funtzio bat ere badu, delituaren egileak berriz egin ez dezan, eta herritarrei esateko delitu bat egitearen ondorioak horiek direla. Indultuarekin, baina, mezua da ez dela ezer gertatzen. Estatuaren parte bazara, eta ustez krimen antolatuari aurre egiteko krimen bat egiten baduzu, ez dago zigorrik. Tristea, etsigarria eta arriskutsua da.

Ez zuen balio izan estatuak bere buruari kontuak ematekoGALen krimenengatik.

Ados nago, baina zerbait positiboa ikusten saiatu behar dugu: ebazpena. Erantzun justu eta on bat eman zuen botere judizial bat. Bi alderdi handiek, PPk etaPSOEk, bat egiten zuten guztiz legitimatuta zegoelako ideiarekin, nahiz eta PPk gero hori erabili PSOE gobernutik kentzeko.

Baina, GAL, egitura gisa, ez da guztiz ikertu.

Ez. Eta esan dezakezu: tristea da hau guztia ikertu izana Baltasar Garzon politikatik desengainatuta atera zelako, PSOEren zerrendetan aurkeztu ostean ministro egingo zutela espero zuelako...

Horregatik ireki zuen kasua Garzonek?

Esaten da Garzonek enbrioi egoeran zuela GALen inguruko ikerketa hau, [Jose] Amedoren eta [Michel] Dominguezen galdeketekin, eta ez zuela berriz martxan jarri epaitegi zentralera itzuli arte, politikatik desengainatuta atera ostean. Ez dakit hala izan zen, baina ongi etorri zen ikerketa.

Ebazpena atera eta urte gutxira hil zen Segundo Marey, 2001ean. Barrionuevo edo haren ingurua ez ziren inoiz harremanetan jarri harekin?

Inoiz ez. Zigortutako inor ez.

Nahiko zukeen?

Uste dut ezetz. Inork —gertatua onartu zutenek ere ez— ez zuen inoiz barkamenik eskatu, ez pertsonalki, ez jendaurrean.

Zenbateraino markatu zintuen kasuak?

Onerako markatu nau. Profesional gisa, historia judizial prozesaleko prozesurik garrantzitsuenetako batean parte hartu nuen. Barne Ministerioko goi kargudunak akusatuta zeuden prozesu batean, eta talde terrorista hura estatu egiturek sortu ote zuten argitzen saiatu ginen. Prozesuak ezohiko ezaugarriak zituen. Eta Goreneko auzi batek dakarren esperientzia ikaragarria da. Markatu nau, eta onerako egin ere.

Estatuaren alderdi iluna ere ikusi ahal izan zenuen.

Bai. Abokatu gazte bat zarenean, eta ikusten duzunean zu zarela CESIDeko paperak kausara gehitzeko eskatzen duena. Uste duzu ezezkoa emango dizutela, baina gero auzitegiak onartzen du, eta baztertu egiten du dokumentuen izaera sekretu, ezkutu edo klasifikatuen inguruko edozein argumentu. Baiezkoa ematen dizute, gertatutakoa argitzeko borondatea dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.