Pintaketak egin dituzte komunitate juduaren omenezko Gasteizko oroitarrian

Palestinaren aldeko eta genozidioaren kontrako leloak idatzi dituzte. «Intolerantzia eta gorroto adierazpentzat» jo dituzte EAJk, PSE-EEk eta PPk.

Judimendi auzoko oroitarria, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Judimendi auzoko oroitarria, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 5a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pintaketak egin dituzte Gasteizko Judimendiko parkean juduen komunitatearen omenez eraikitako oroitarrian. Yael Artsi Israelgo eskultoreak egindakoa da oroitarria; 2004an eraiki zuen, eta Gasteizen bizi ziren juduen komunitatea eta Judimendi auzoan zegoen juduen hilerria oroitzea du xede. Behin baino gehiagotan egin dizkiote pintaketak, kutsu arrazistakoak normalean; oraingoan, berriz, Israelen kontrako eta Palestinaren aldeko mezuak idatzi dituzte, zehazki: Genozidak, Gora Palestina eta Hamas, hil itzazu esaldiak agertu dira.

Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat egin du, eta «intolerantzia eta gorroto adierazpentzat» jo ditu pintaketak: «Gure hiriaren memoria historikoari eta bizikidetza demokratikoari egindako errespetu falta larria da». Adierazpena EAJ, PSE-EE eta PP taldeen botoekin onartu da: EH Bilduk kontra bozkatu du, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da.

EH Bilduk, ohar batean, «onartezintzat» jo ditu pintaketak, eta, aldi berean, Israel Gazan egiten ari den «genozidioa geldiarazteko» deia egin du.

Gasteizko Udalak hesiak jarri ditu eskulturaren inguruan, eta hura garbitzeko enpresa bat kontratatuko du. Orain arte egindako garbiketa lanek kalte handiak eragin dituzte oroitarrian, eta 2023an udalak 9.000 euro erabili zituen hura lehengoratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.