Maria Ana Prunarrek 29 urte zituen. Hiru umeren ama zen: 2, 8 eta 10 urte zituzten. Emakumea errumaniarra zen sortzez, baina Gasteizen bizi zen, Ricardo Buesa kaleko pisu batean. Senarra Errumanian zeukan, kartzelan; 34 urte zituen gizonak.
Ikusi gehiago
Emakumearen gertukoek eta ezagunek epaiketan azaldu zutenez, senarrarekin nazkatua zegoen Prunar. Ez zuen nahi halako gizon bat izatea bere umeentzako eredua. Gaizki tratatzen zuen emakumea, eta delinkuente bat zen. Erabakia hartu zuen Prunarrek: bereizi egingo ziren.
Gizona, kartzelatik atera zenean, Errumaniatik Euskal Herrira etorri zen, Prunarren etxera. Bikotea ez apurtzeko konbentzitu nahi zuen, baina emakumeak tinko eutsi zion bereizteko asmoari. Gizonak hiru egun egin zituen Gasteizen; hirugarren egunean hil zuen emakumea.
Gizonak azaldu zuenez, haserre zegoen erabaki horrekin, eta emaztearekin eztabaidan ari zen, norbaitek emakumeari telefonoz deitu zionean. Prunarrek ez zion esan nahi izan nork deitu zion, eta gizonak, orduan, labana bat hartu eta sastakatu egin zuen; apurtu egin zen labana hori, eta beste bat hartu zuen, andrea berriro sastakatzeko. Hiru umeak etxean ziren.
Prunar saiatu zen laguntza eskatzen, leiho batera iritsita, baina gizonak ez zion utzi. Lurrera bota zuen, eta ahoa estali zion builarik egin ez zezan. 2015eko apirilaren 2a zen, arratsaldeko bostak jo gabeak oraindik.
Seiak aldera, gizona etxetik atera zen, eta ertzain batzuk topatu zituenean, hilketa aitortu zien.
Epaiketa 2016ko abenduan egin zuten. Zigorra murrizten saiatu zen gizona, esanez Prunarrek ere labana bat zuela eskuan. Forentseek gezurtatu zuten, guztiz ezinezkoa zela erakutsiz. Epaileak hamazazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion gizonari, eta umeen zaintza kendu zion. Prunarren gurasoengana eraman zituzten hiru haurrak, Errumaniara.