EUSKAL HERRIA

Maria Angeles German auto istripuan hil zela baieztatu du autopsiak

Urbiolako emakumearen autoan martxan zela istripua izan zuelako zantzuak aurkitu dituzte, eta ez dirudi inork bultzatu zuenik.

2011ko urtarrilaren 28a
14:35
Entzun
Maria Angeles German, Urbiolan (Nafarroa) abuztuan desagertu zen emakumea, auto istripuan hil zen. Hala baieztatu du autopsiak lehen ondorioetan. Aste honetan agertu da haren autoa, eta barruan aurkitu dituzte emakumearen gorpua eta bere txakurrarena, Urbiola eta Los Arcos arteko errepide bazterrean. Autopsiarekin gaur jarraitzekoak dira, baina azterketak jada erakutsi du ez zuela beste inork eragindako zauririk, esate baterako ito zutelako zantzurik edo armaren batekin hil zutelako zauririk, eta gorpuak dituen arrastoak errepide istripu batek eragindakoak dira.

Gainera, autoari egindako ikerketaren arabera, ez zuen inork bultzatu, eta erretenera zirkulazioan zela erori zela dirudi. Esate baterako, airbag sistema piztu egin zen, eta uhala luzatuta zegoen, istripu baten ondoren gertatzen den moduan. Aurreko eskuin gurpila lehertuta zeukan. Hilotza asteartean aurkitu bazuten ere, oraindik identifikatu gabe dago erabat, baina hortzek Germanen hortzekin bat egiten dutela jakinarazi dute. Bartzelonan proba gehiago egingo dizkiotela jakinarazi dute.

Errepide istripuaren hipotesia indartu den arren, Nafarroko Gobernuan eta Foruzaingoan oraindik ez dute inolako azalpenik eman. Iaz desagerketarekin zerikusia zutelakoan Barbaringo senar-emazte batzuk atxilotuta eduki zituzten, eta horien abokatuak aste honetan iragarri du salaketa bat jartzekoak direla. Izan ere, bila eta bila aritu diren arren, autoa Urbiolatik kilometro batera agertu da, eta horrek pentsarazten du bilaketa ez dela ondo egin, eta inguruko herrietako herritarren artean kritikak entzuten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.