Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak baieztatu du Maria Atxabal torturatu egin zutela, eta hainbat eskari egin dizkio Espainiako Gobernuari. Kalte-ordainak pagatu beharko dizkio estatuak Atxabali, eta hark behar duen osasun arreta espezializatua bermatu. 1996an torturatu zuten, eta kalte psikologikoak ditu oraindik; estres post traumatikoa du. Hiru egun inkomunikatuta pasatu ostean espetxeratu egin zuten, eta urtebete pasatu zuen kartzelan.
Atxilotuen inkomunikazioa bertan behera uzteko ere eskatu dio batzordeak Madrili, argudiatuta neurri horrek torturak ahalbidetzen dituela. 180 eguneko epea eman dizkio batzordeak Espainiari.
Askagintzako kidea zen garaian atxilotu eta torturatu zuten Atxabal. Gaur egin dute agerraldi bat Bilbon, jakinarazteko hark aurkeztutako helegitea onartu duela Giza Eskubideen Batzordeak. Eskerrak eman dizkie babesa adierazi diotenei, eta gaineratu du torturen aurkako borroka ez dela amaitu; helburua inor gehiago torturatua ez izatea dela.