indarkeria matxista

Maria Belen Muro Etxegarai eta haren alaba

Hendaia, 2004ko otsailaren 14a.

2004ko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Christophe Dubarryk emaztea eta alaba hil zituen, Hendaian (Lapurdi), familia bizi zen pisuan bertan. Maria Belen Muro Etxegarai zen hildako emakumea, Dubarryren emaztea. 34 urte zituen, Donostiakoa zen sortzez, eta hango Lauki ostatuan egiten zuen lan. Bien alabak, berriz, 5 urte zituen. Emaztea haurdun zegoen senarrak hil zuenean.

Hendaiako Ibaia hotelaren jatetxeko sukaldeko burua zen Dubarry, eta 37 urte zituen emaztea eta alaba hil zituenean. Lankideen esanetan, gizona lanera normal joan zen 09:00etarako, eta 14:00ak aldera etxera itzuli zen, lore buketa batekin: 2004ko otsailaren 14a zen, maitaleen eguna. 

Auzokideek harrabotsak aditu zituzten etxean, eta handik gutxira gizona ikusi zuten eskaileretan behera tarrapataka jaisten. «Emaztea eta alaba hilak daude, Poliziari dei egin iezaiozue», esan zion Dubarryk bizilagun bati.

Poliziak ohean aurkitu zuen emaztearen gorpua; burkoarekin ito zutela ondorioztatu zuten. Alaba hiltzeko, berriz, elektrika hari bat erabili zuten. Etxea itzulipurdikatua zegoen, lapurrak ibili izan balira bezala. 

Dubarry atxikitzea eta galdekatzea erabaki zuen Poliziak, lapurretaren hipotesia guztiz sinistu ezinik. Galdeketan sakondu ahala, gizonak hilketak aitortu zituen azkenean. Poliziaren arabera beti, gizonak bikotez kanpoko harreman bat zuen beste emakume batekin. 

Are egoera gordinagoa erakutsi zuen Poliziaren inkestak: hilketa ez zen 14:00etan gertatu. Dubarryk goizaldean hil zituen emaztea eta alaba, lanera normal joan zen 09:00etan, eta etxera itzuli zen 14:00etan, lore buketa bat eskuetan zuela, lapurreta bat gertatu eta beste norbaitek hil zituela antzezteko.

Dubarryk poliziei kontatu zien bere bizitza hutsetik hasi nahi zuela ezagutu berri zuen emakume horrekin, eta horregatik hil zuela bere emaztea. Alaba, berriz, bere ama gabe bizitzeko ideia ezin zuelako «jasan» hil zuela adierazi zien. Hilketa larunbatez gertatu zen, eta astelehenean Baionako presondegira sartu zuten gizona.

Paueko Auzitegiak 25 urteko kartzela zigor bat ezarri zion, 2006ko uztailean. Akusazioak bizitza osorako kartzela zigorra eskatu zuen Dubarryrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.