Emakumeen aurkako indarkeria

Maria Puy Perezen bila aritu dira berriro Lizarraldean

50 urteko emakumea iazko urriaren 11tik dago desagertua, eta hil zutela uste dute.

2009ko martxoaren 1a
23:46
Entzun
Lizarrako (Nafarroa) Maria Puy Perez Ezpeleta iazko urriaren 11tik desagertua dagoela-eta herri bilaketa egin dute gaur ere hainbat lagunek haren herri inguruko mendietan. Senideek, lagunek eta talde feministek antolatu dute bilaketa. Halere, urrian bezala, gaurkoan ere ez dute emaitzik lortu.

Perez aurkitu nahian, zehazki, Jurramendi mendian aritu dira bila, talde batzuk 9:30etik Lizarrako autobus geltokitik eta beste batzuk Aiegitik 10:00etan abiatuta. Bilaketan "amore ez" ematea erabaki zuten.

50 urteko emakumea iragan urriaren 11tik dago desagertua, eta hilda dagoela uste dute. Poliziak haren bikotekide ohia atxilotu zuen urrian bertan, eta hil horren 17an kartzelatu zuten. Emakumearengana hurbiltzeko behin-behineko debekua urratu zuen, hain zuzen ere haren berri gehiago izan ez zen egunean. Gizonezkoak esan zuen ez zekiela deus haren nondik-norakoen inguruan, eta errugabetzat jo zuen bere burua. Joan den urtarrilaren 13an aske utzi zuten, behin-behinean.

Atzo, Iruñean, Bilgune Feministak deitutako manifestazioan, Perezen kasua eta oro har emakumeen aurkako indarkeria salatu zituzten ehunka lagunek. "Nazkatuta gaude erasoekin, eta horiek desagerrarazteko agintariek ezarritako neurriak eskasak dira", adierzi zuen Bilgune Feministako ordezkari batek Iruñean. Bilbon ere emakumeen aurkako indarkeria salatu zuten, manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.