Maria Txibite: «Irregulartasun administratibo bat ez da ustelkeria»

Ustelkeriaren aurkako bulegoak Belateko adjudikazioan «irregulartasun administratiboak» atzeman dituela jakinarazi dutela eta, Nafarroako presidenteak ziurtatu du «akats administratiboak» ez direla «delituak».

Nafarroako presidente Maria Txibite. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako presidente Maria Txibite. VILLAR LOPEZ / EFE
xabier martin
Iruñea
2025eko irailaren 16a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belateko lanen adjudikazioa «baliogabea» dela ziurtatu zuen atzo Nafarroako ustelkeriaren aurkako bulegoko lehendakariorde Felix Tabernak, eta Cerdan auziaren gudu zelaian munizioa eman zion horrek UPNri. Bulegoak «irregulartasun administratiboak» atzeman ditu proiektuan, eta, txostenaren arabera, adjudikazioak bertan behera gelditu beharko luke. Baina hitz horiek ez dute interpretazio bakarra. Nafarroako presidente Maria Txibite gaur bertan azaldu da prentsaren aurrera, ustelkeriaren aurkako bulegoaren txostenaren ondorioak apaldu eta haiei neurria jartzera: txosten hori gobernuaren alde jarri du, ustelkeria egon ez delako tesia indartu nahian.

«Akats administratiboak egon dira, baina ez dago ustekeriarik», nabarmendu du Txibitek, atzo bertan Lurralde Kohesioko kontseilari Oscar Txibitek egin zuen moduan. «Akats administratiboak ez dira delituak», erantsi du presidenteak. Txibitek gogoratu du Nafarroako Gobernuak eskatu duela ustelkeriaren aurkako bulegoaren txostena, «gardentasun indartuaren konpromisoari erantzunez».  Guardia Zibilaren UCO unitateak Servinabar enpresa ikertu ostean eskatu zuen txostena gobernuak, auzitegietan PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen kontra martxan den prozesuaren harira.

Tramiteen kudeaketa hobetu

Lehen azterketan, gobernuak ziurtatu du ez dela egon «ustelkeriarik», eta «Nafarroako Ogasunarentzat ondare kalterik» ez dela izan, ezta «interes gatazkarik» ere. «Txostenak, ordea, irregulartasun administratiboak azaleratu ditu». Horrek zer esan nahi duen azaldu dio prentsari gobernuko buruak: «Kudeaketan akatsak daudela, edo ikertu diren lanetan nabarmen hobetu daitezkeela administrazio tramiteak egiteko kudeaketak». Nafarroako Kontuen Ganberak ere akats horiei erreparatu ziela gogoratu du, gainera, eta erantsi Lurralde Kohesiorako Sailak bere egin dituela «hobetzeko aholku horiek».

Batera edo bestera, Txibitek helarazi nahi izan duen mezua oso argia izan da: «Irregulartasun administratibo bat ez da lege urraketa bat, eta ez da ustelkeria, jakina; are gutxiago legez kanpoko diru banaketa».

Fiskalak ez du nahi Cerdan espetxetik ateratzea

Santos Cerdanen abokatuek PSOEko Antolakuntza idazkari ohia aske uzteko eskatu diote epaileari, baina fiskalak aurkakoa eskatu du: Cerdanek espetxean jarrai dezala. Izan ere, uste du «probak deuseztatzeko arriskua» dagoela hura kaleratuz gero. Ustelkeriaren aurkako fiskalburu Alejandro Luzonek azpimarratu du «talde kriminalak» egindako delituak «larriak» direla, eta talde horretan «gidari rola» jokatu duela Cerdanek. Bide batez, Luzonek esan du Cerdanen abokatuek «baieztapen politiko lotsagabeak» egin dituztela, haien bezeroa aske uzteko eskatzeko helegitean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.