Belateko lanen adjudikazioa baliogabea da, ustelkeriaren aurkako bulegoaren arabera

Felix Taberna lehendakariordeak aitortu du bulegoak «irregulartasun administratiboak» atzeman dituela proiektuan. Txostenaren arabera, adjudikazioak bertan behera gelditu beharko luke.

Felix Taberna lehendakariordea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Felix Taberna lehendakariordea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko irailaren 15a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alarma piztu du Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Egokien Bulegoak: irregulartasunak atzeman ditu Belateko tunelak zabaltzeko lanen adjudikazioan, eta, horren ondorioz, uste du prozesu osoa «erabat baliogabetu» beharko litzatekeela. Nafarroako Gobernuak berak eskatu zuen txostena, Guardia Zibilaren UCO unitateak Servinabar enpresa ikertu ostean, auzitegietan PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen kontra martxan den prozesuaren harira.

Iazko urtarrilean egin zen ezagun enpresa hori, Nafarroako Gobernuak Belateko obrak esleitu zizkiolako. 2023ko abenduan adjudikatu zuten obra, eta iazko urtarrilaren 23an izenpetu zuten 76 milioi euroko kontratua. 

Esleipen prozesu horretan irregulartasunak izan zirela salatu zuen UPNk, epaimahaiko bi kidek adierazitakoan oinarrituta. Belateko tunelen obra zer enpresari eman erabakitzeko epaimahaia zortzi teknikarik osatu zuten, horietako bost Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko ordezkariak. Epaimahaiko bi kidek, boto partikularraren bidez, adierazi zuten, enpresek aurkeztutako sei proposamenak aztertzeko orduan, azalpen teknikoa ez zela behar bezala arrazoitu. Gainera, adierazi zuten egun batzuez proposamenak sare berezi batean egon zirela, Obra Publikoko Zuzendaritza Nagusiko edozein langilek ikusteko moduan.

Susmo hori berretsi du orain ustelkeriaren aurkako bulegoak. Haren arabera, lanak adjudikatzeko prozesuan kontratazio mahaiko kideek presidenteari igorri zizkioten beren puntuazioak, eta hark berea erabaki zuen gainerako balorazioak ikusi eta gero. Hori, berez, organo kolegiatuei buruzko arauak «urratzea» dela uste du ustelkeriaren aurkako bulegoak, eta, ondorioz, berekin ekarri beharko luke kontratazio mahaiaren erabakia eta adjudikazioa bera «erabat deuseztatzea».

Adjudikazio irregular horren oinarrian egon daitezkeen motiboei buruz, Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Egokien Bulegoak ez du azalpenik eman, eta Nafarroako Parlamentuan eratu den ikerketa batzordearen esku utzi du hori argitzeko ardura: «Ezin dugu zehaztu interes gatazka bat egon ote den, kontratazio mahaiko presidenteak egin zuen bezala jokatzera eraman duena. Ikerketa batzordeak hori mugatzen saiatu beharko du». Nolanahi ere, «gogoeta sakona» galdegin diete erakunde publikoei, kontratazio mahaiek halako prozesuetan duten rolari buruz: «Beharrezkoa da argitzea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legeak kontratazio mahaiei buruz egiten duen erregulazioa, lege hori aldatu beharko bailitzateke».

Esparza: «Eman aurpegia»

Txostena argitara atera ostean, Javier Esparza UPNren bozeramaileak gogor egin du Nafarroako Gobernuaren aurka. «Aurpegia emateko» galdegin die Maria Txibiteren gobernuko kideei: «Izan daitezela gai dagozkien erantzukizun publikoak beren gain hartzeko». Oso larritzat jo du ustelkeriaren aurkako bulegoak «baliogabetzat» jo izana Belateko tunelak zabaltzeko lanen adjudikazioa: «Enpresen aldi baterako elkarte bati 76 milioi euro esleitu zitzaizkion, eta enpresa horietako bat zen, hain zuzen, Santos Cerdanena». Urrunago joan da alderdi erregionalistako buru Cristina Ibarrola, eta Nafarroako presidentearen dimisioa eskatu du: «Maria Txibitek ezin du minutu bakar bat gehiago egin Nafarroako Gobernua zuzentzen».

Felix Taberna lehendakariordeak, baina, esan du ustelkeriaren aurkako bulegoaren txostenak ez duela deliturik antzeman, eta «irregulartasun administratiboak soilik» detektatu dituela. Antzera mintzatu da Oscar Txibite Lurralde Kohesiorako kontseilaria ere. Hark esan du ez duela bat egiten bulegoaren ondorioekin, eta ebazpen hark ez duela obren exekuzioa geldituko. «Uste dugu adjudikazioa legezkoa eta gardena izan zela», berretsi du, argudiatuta irregulartasun administratiboak antzematea eta legez kanpoko aritzea bi afera ezberdin direla.

Esparzaren irudiko, baina, «ustelkeriaren aurkako bulegoak edo Kontuen Ganberak ezin dute ebatzi auzi jakin baten atzean deliturik dagoen ala ez», administrazio prozesuak soilik ikertzen dituztelako: «UCO edo justizia bera izanen dira hori erabakiko dutenak», gaineratu du.

PSNko Ainhoa Unzuk horretan egin du azpimarra: «Dirudienez, ez dago bidegabekeriarik, eta prozedura administratiboa soilik dago auzitan». Hala ere, gaineratu du txostena gaur bertan iritsi dela Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordera, eta «berehala» hasiko direla aztertzen.

«Irizpiderik oinarrizkoenak»

Belateko obrei lotutakoa ez da Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Egokien Bulegoak aztertu duen adjudikazio bakarra. Haren arabera, Erripagañan babes ofizialeko 62 etxebizitza eraikitzeko obren kontratua Accionak eta Servinabarrek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitzerakoan Nasuvinsa enpresa publikoak «kontratazio publikorako irizpideak» hautsi zituen, baita «administrazio zuzenbideko irizpiderik oinarrizkoenak» ere. Hala, uste du ez zuela bete Kontratu Publikoen foru legea. Txostenean, besteak beste, kritikatu dute ez zegoela gobernuak emandako baimenik, ez zela Kontratazio Publikorako Batzordeko ordezkaririk ezarri Kontratazio Mahairako, eta mahai hartako kideek ez zutela inolako interes gatazkaren inguruko aitortzarik egin. 

Bulegoaren arabera, «hainbestekoa izan zen kontratazio prozesu honetan oinarrizko ziren tramiteen omisioa, Nasuvinsak ezin izan baitu azaldu gutxieneko argudiaketa tekniko juridiko batekin». Hala, ez dituzte ontzat jo Nasuvinsako zuzendariak emandako azalpenak, «onargarriak» ez direlakoan.

Halere, Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren hitzetan, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko obren inguruko txostenean «interpretazio partzial eta partikulartzat» jo daitezkeen balorazioak egin dituzte, eta berretsi du ez zela enpresa haien aldeko mugimendurik egin. Hain zuzen, Aierdi Nasuvinsako zuzendari izan zen 2015etik 2019ra bitarte.

Erripagañan bertan babes ofizialeko beste 46 etxebizitza eraikitzeko lanen adjudikazio baten inguruan ere idatzi du bulegoak; hura ere Accionari eta Servinabarri esleitua. Hartan ere «irregulartasunak» izan zirela zehazten du. Arbizuko ikastetxeko obrei dagokienez, berriz, azaldu du prezioa izan zela lan horiek Accionari eta Alegureri adjudikatzeko arrazoia, «lizitatzaileen puntuazioetan zegoen diferentzia eskasa» kontuan izanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.