Nafarroa Espainiako erkidegoekin "solidarioa" dela adierazi du gaur Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak, argudiatuta beste erkidego batzuek baino diru gehiago ordaintzen duela Nafarroak Espainiako zerbitzuengatik.
Nafarroako Parlamentura iristean egin ditu adierazpenak Barcinak. Adierazi duenez, Nafarroak ez du ekarpen ekonomikoa biztanle kopuruaren arabera egiten —Espainiako Estatuko biztanleen %1,3 bizi dira Nafarroan—, barne produktu gordinaren arabera baizik —Espainiako BPGaren %1,6—.
"Zentralistek eta beste batzuekin batu nahi gaituztenek auzitan jarri dute Nafarroa, eta gure historia, tradizioa, forua, gure hitzarmena defendatu behar ditugu, eta alderdi guztiei errespetua eskatu", azaldu du.
Barcinak kritikatu egin ditu atzo Pere Navarro PSCko buruzagiak EAEko eta Nafarroako itun ekonomikoak ezabatzearen alde egindako adierazpenak.
"Finantzaketa justua nahi badugu, Konstituzioan dauden pribilegioak kendu behar ditugu. Hitz egin ezazue euskal herritarra edo nafarra ez den edozeinekin, eta hori konpondu beharra dagoela esango dizuete", adierazi zuen Navarrok.
"Oker zorigaiztokoa"
"Pandoraren kutxa irekitzea eta oker zorigaiztokoa" izango litzateke Euskal Autonomia Erkidegoko kontzertu ekonomikoa "ukitzea", Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak gaur esan duenez.
Ser irrati katean elkarrizketatu dute Fernandez. Haren ustez, Navarrok "sintonia falta" du bere alderdiarekin "eta, batzuetan, edozein irizpide arrazionalekin". "Kontzertua ukitzea 'euskal misterioa' ukitzea da; bere garaian euskal herritarrek topatu genuen konexio puntu bat izan zen, herrialdearen gehiengo sozial batek babestutako erregimen bat sortzeko", gaineratu du.
"Etorkizun luzea"
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, berriz, esan du EAEko kontzertu ekonomikoak "etorkizun luzea" duela. Radio Euskadin elkarrizketatu dute De Andres. Adierazi duenez, kontzertua "ez dago arriskuan" PPk eredu horretan "sinesten" duelako; "bestela, arazo bat izango luke; izan ere, Alderdi Sozialistak inoiz ez du kontzertu ekonomikoa babestu. Gogoratu beharra dago Espainiako Kongresuan kontra bozkatu zuela urte luzez", gaineratu du.
"Kudeaketa zuzena"
Kontzertu ekonomikoak eragile ugariren aldetik jasotako babesa nabarmendu du gaur Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak. Onda Vasca irratian egin diote elkarrizketa. Lopez de Gereñuk ere kontzertuaren alde egin, eta eredu horren "kudeaketa zuzena" egin dela nabarmendu du.