EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari jarritako zigorra: Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion otsailean, neska adingabe bati sexu eraso jarraituak egiteagatik hiru urte eta erdian. Lopezek sexu erasoak hasi zituenean, neskak 13 urte zituen, eta entrenatzaileak 31.
Lopezi ezarritako epaiaren arabera, saskibaloi entrenatzailea 50 bat aldiz egon zen neskarekin bakarrik, eta «jokabide sexual» gero eta gehiago eta gero eta gogorragoak izan zituen neskarekin: «Gero eta okerragoak ziren: gero eta maizago eginak, eta gero eta larriagoak». Erasoak 1998ko uztailean hasi ziren. Lopezek bere gurasoen etxera eraman zuen neska, saskibaloi partida bat ikusi behar zutela aitzakia gisa baliatuta. Etxean, ukituak egin zizkion. Neska negarrez hasi zen, eta Lopezek esan zion ez zela «berriro gertatuko». Ordutik aurrera, «edozein aitzakia baliatuta», Lopezek etxera etorrarazten zuen neska. Sexu erasoak egin zizkion.
Lopezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren kontra, argudiatuta urratu egin zirela bere errugabetasun presuntzioa, in dubio pro reo (zalantza kasuetan, akusatuaren alde) printzipioa, eta baita berme guztiak zituen prozesu bat izateko eskubidea ere. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, ordea, eskatu zuten sententzia berresteko.
Saskibaloi entrenatzailearen abokatuaren esanetan, «zailtasun nabarmena» izan zuen defentsa prestatzeko: lekukoak «etengabe mehatxatuta» eta «hertsatuta» zeuden, Lopezen kontrako «jazartze sozial» eta «hilketa zibil» betean.
EAEko Auzitegi Nagusiak gogoratu duenez, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak onartu zuen jazartzea egiantzekoa zela, baina egoera horrek ez ziola kalte egin haren defentsa askatasunez egiteko eskubideari.
Lopezen defentsak helegitean argudiatu zuen epaitu zituzten gertaerak duela 23 urte gertatu zirela eta zigorra neskaren lekukotzan bakarrik oinarritu zela. Gainera, esan zuen neskaren lekukotza ez zela «berezkoa» izan, «nobelatua edo bideratua baizik», eta «nabarmen» aldatu zela 2022ko ekainean salaketa jarri zuenetik.
Prozesu «koherentea eta logikoa»
EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu aintzat hartu argudio horiek. Are, nabarmendu egin du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak auzi medikuen eta neska artatu zuen psikologoaren txostenei emandako garrantzia: «Gertakarien ostean kontzientzia hartzeko eta zama hori arintzeko premiaren prozesua bat dator adin goiztiarretan abusuak jasaten dituztenen eta haietaz jabetzen direnen moduekin: koherentea eta logikoa da». Baztertu egin du lekukotza «nobelatua edo bideratua» delako hipotesia, argudiatuta delituak aurkezteko modu arrunta dela idatziz jartzea.
In dubio pro reo printzipioari dagokionez, EAEko Auzitegi Nagusiak zera adierazi du: Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uste zuela frogak nahikoak eta baliodunak zirela, ez zuela arrazoizko zalantzarik, eta, beraz, uste osoa zuela Lopez erruduna zela.