Gurutz Linazasoro, Ainhoa Goikoetxea, Joanes Labaien, Jorge Jimenez, Txaro Beobide, Andoni Imaz, Itxaropena Urkiola eta beste ehun bat lagunek, gaur Donostian Miramar jauregian egindako ekitaldi batean, Markel Olano jeltzalea babestu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko.
Maiatzaren 22an izango dira foru hauteskundeak, eta Olano izango da atzera EAJren hautagaia kargu hartarako. 2007ko bozetan hirugarren indarra izan zen EAJ —EAE-ANV baliogabetua kontuan hartuta; PSE-EE nagusitu zen—, baina ahaldun nagusi Olanok izatea lortu zuen, EAren botoei esker.
"Herritar guztiei dei egin nahi diegu gure indarrak bilduz bat egin dezagun", esan du Ainhoa Goikoetxeak hitzaldian. Helburu hauek bultzatu nahi dituzte, azaldu dutenez: "Gure herriaren bakea eta adiskidetzea lortzea, PSE-PP itunari erantzutea, bakean eta demokrazian erabakitzeko eskubidea, krisi ekonomikotik indarberrituta ateratzea, pertsona behartsuenekiko elkartasuna areagotzea eta gizarte politika aurreratua eragitea, gure kultura eta euskara defenditzea, eta gobernu onaren alde egitea".