Azpiegiturak

Marotok PPren boto diziplina hautsi du, eta Garoñako zentralaren aurka bozkatu du legebiltzarrean

PPko beste bederatzi legebiltzarkideek ez dute babestu zentral nuklearraren jarduera bertan behera uzteko aurkeztu den mozioa. Nafarroako Parlamentuak ere eskari berdina egin dio Madrili, zentralaren "egiazko arriskuez" ohartarazita.

2013ko ekainaren 6a
18:27
Entzun

PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk aurkeztu dute mozioa, eta horien eta Javier Maroto legebiltzarkide eta Gasteizko alkatearen aldeko botoarekin atera da aurrera. Marotok PPren diziplina hautsi du, eta berak soilik bozkatu du Garoñaren jarduera etetearen alde. PPko beste bederatzi parlamentariek eta Gorka Maneiro UPDkoak kontra bozkatu dute.

Behin baino gehiagotan mintzatu da Maroto Garoñako zentralaren aurka, eta, bozketaren ondoren adierazi duenez, "koherentziagatik" bozkatu du jarduera etetearen alde. "Batek gauza bat pentsatzen duenean hori defendatu behar du foroa edozein delarik ere. Garoña ixtearen alde nago ni, eta hori defendatuko dut hemen, kalean eta edozein lekutan".

Nafarroako Parlamentuak ere eskatu dio Espainiako Gobernuari Garoñako zentrala ixteko. Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio Batzordean onartu dute eskea, PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak alde bozkatuta. Abstenitu egin da UPN.

"Egiazko arriskuak" argudiatu ditu Ezkerrak, eskaeraren sustatzaileak, eta nabarmendu du zentrala "estatuko zaharrena" dela eta "zortzi istriputik gora" izan dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.