Marra mehe bat kalitatezko etxebizitzaren eta hezkuntza duinaren artean

AZET Etxebizitza Sindikatuak eta hiru familia elkartek salatu dute etxebizitza krisiak «ondorio kaltegarriak» dituela umeen hezkuntzaren kalitatean, ezinezkoa baita haurrek ikasketetan aurrera egitea «euren etxearekin zer gertatuko den» ez dakitenean.

AZET Etxebizitza Sindikatuaren eta Atxuriko eskolako, Mujika eskolako eta Solokoetxeko institutuko familia elkarteen agerraldia Bilboko Alde Zaharrean, maiatzaren amaieran. AZET
AZET Etxebizitza Sindikatuaren eta Atxuriko eskolako, Mujika eskolako eta Solokoetxeko institutuko familia elkarteen agerraldia Bilboko Alde Zaharrean, maiatzaren amaieran. AZET
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lakhdar —abizenik ez du eman— bizi den ostatuan mikrouhin labe bat dago; mikrouhin labe bakarra 70 pertsonarentzat. Logela bat dute beretzat, emaztearentzat eta bi seme-alaba txikirentzat, baina komuna partekatu behar dute. Iazko abenduan etxegabetu zituzten, seme-alabetako batek 4 urte zituela eta besteak hilabete gutxi. Ordutik ostatu batean daude. AZET Etxebizitza Sindikatuaren arabera, etxebizitzaren arazoak «ondorio latzak» ditu haur eta nerabeengan. Hezkuntza kalitatean egin dute azpimarra.

Sindikatuak azaldu duenez, Lakhdarren familia alokatutako etxebizitza batean hasi zen bizitzen iazko uztailean. «Alokatutako etxebizitzak beste batzuei alokatuz negozioa egiten duen espekulatzaile baten iruzurra» jasan zuten, eta ezin izan zuten euren burua defendatu. Sindikatuko kideak saiatu ziren bide judizialetik kaleratzea geldiarazten, baina ez zuten lortu. Ostatuan egon ziren lehenengo bost hilabeteetan, beste sei lagunekin partekatu behar izan zuten logela. Seiko logela batean egon ziren gero, eta eurentzako gela bat dute orain. «Gogorra» izaten ari da, besteak beste, mikrouhin bakarra dutelako eta haurrak eskolatik urrun daudelako.

Lakhdarren familiaren egoera ez da kasu bakan bat. Egungo etxebizitza krisiak umeen eta nerabeen hezkuntza kalitatean dituen ondorio kaltegarriak salatzeko, bat egin dute aurten AZET Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Atxuriko eskolako, Mujika eskolako eta Solokoetxeko institutuko familia elkarteek. «Nola irakurriko du etxean bere familiarekin logela batean pilatuta bizi den ume batek? Nola egingo ditu etxeko lanak? Zer ikasteko gogoa izango du nerabe batek, kezkatzen duen galdera bakarra baldin bada non egingo duen hurrengo astean?». Galdera horiek egin zituzten duela hilabete batzuk, Hazi eta hezteko, etxebizitza eskubidea bermatu lelopean Bilboko Alde Zaharrean egindako agerraldian.

Familia elkarteen eta sindikatuaren arabera, etxebizitzaren krisia gero eta agerikoagoa da euren ikastetxeetan, «gero eta familia gehiago ari baitira pairatzen», eta «gero eta larriagoa» da: «Alokairu eta hipoteken prezioen igoera, infraetxebizitzaren izugarrizko hedapena, etxegabetzeak —legalak zein ilegalak, ikusgaiak zein ikusezinak—...».

Sarbidea zailago

«Diskriminazio askotarikoak pairatzen dituzten familientzat» are zailagoa da kalitatezko etxebizitza bat lortzeko bidea; hala nola «arrazializatuentzat eta adingabeak zaintzapean dituztenentzat». Izan ere, AZETeko Peio Almagrok gogoratu du Lakhdarren familiari astebete eman ziotela beste toki bat bilatzeko. Baina: «Nork eskainiko dio alokairua paperik ez duen familia migratzaile bati? Saihetsezina zena gertatu zen: bota egin zituzten».

Hamza —abizenik ez du eman— eta haren familia ere —emaztea eta bi alaba txikiak— egoera horretan izan ziren iazko urrian. «Paperik ez duzunean eta etxebizitza bat alokatu nahi duzunean, inork ez dizu eskaini nahi; topatu genuen etxebizitza alokatuko zigun bat: lehenengo sei hilabeteak ordaindu genituen, hilean 300 euro, baina iruzur bat zen», gogoratu du. Gizona ez zen etxearen jabea; esan zien kontratua egiteko itzuliko zela, baina ez zen bueltatu. Bigarren gauean, Ertzaintza agertu zen ate joka, familia etxegabetzeko. «Gogorra» izan zen familiarentzat. Hamzak kontatu duenez, etxegabetzea gertatu eta hurrengo sei hilabeteetan, alabek, atea entzuten zuten bakoitzean, Polizia zela pentsatzen zuten.

Kalitatezko etxebizitza bermatuta edukitzeak eragin zuzena du haurren egunerokoan. Besteak beste, horrek ahalbidetzen du egonkortasuna eta komunitatearekiko atxikimendua izatea, oinarrizko beharrizanen asetzea, edo hezkuntza prozesuetan zentratzeko gaitasuna garatzea. Hortaz, «kalitatezkoak edo egonkorrak ez diren etxebizitzetan» bizi diren ikasleek ez dauzkate bermatuta hezkuntzarako oinarriak, AZETeko Lucia Masa Pereirok zehaztu duenez. «Etxegabetze baten bortizkeriak, infraetxebizitza baten prekaritateak, etengabeko ezegonkortasunak eta behartutako mudantzek estresa eta ezegonkortasuna» eragiten dute, ezinezkoa baita haurrek ikasketetan aurrera egitea «euren etxearekin zer gertatuko den» ez dakitenean.

«Eskolak gizarteratze tresna izan behar duela diote, baina, aldi berean, gizarte horren bazterretan bizitzera kondenatzen dituzte hainbat ikasle, gainera okupazioa kriminalizatuz eta gogor zigortuz»

LUCIA MASA PEREIROAZET Etxebizitza Sindikatuko kidea

Egoera ikusita, instituzioen arduragabekeria salatu dute familia elkarteek eta sindikatuak. Izan ere, «arazoaren parte» direla kritikatu dute: «Gure auzoetako gero eta familia gehiagori etxebizitza eskubidea ukatzen zaio, baina, aldi berean, etxe asko daude hutsik edo turismora bideratuta; eta instituzioak, etxebizitzarako eskubidea bermatu beharko luketen horiek, arazoaren parte bihurtzen dira». Haien arabera, «espekulatzaileak eta industria turistikoa» babesten dituzte, etxegabetzeen aurrean ez dute alternatibarik eskaintzen, eta okupatzera behartuak diren familiak kriminalizatzen dituzte. Are gehiago, Almagrok kritikatu du batzuetan instituzioek eurek egiten dituztela etxegabetzeak.

«Eragile berberak»

Erakundeei egotzi diete seme-alaben hezkuntzari buruz hitz egitea, haien ongizate emozionala goraipatzea eta gizarteratze prozesurako ezinbesteko erremintatzat plazaratzea, eta gero baldintza horiek betetzeko oinarriak urratzen dituzten «eragile berberak» izatea. «Eskolak gizarteratze tresna izan behar duela diote, baina, aldi berean, gizarte horren bazterretan bizitzera kondenatzen dituzte hainbat ikasle, gainera okupazioa kriminalizatuz eta gogor zigortuz», adierazi du Masak, eta erantsi norbait etxegabetzen dutenean «kalitatezko alternatiba bat eskaini beharrean inola ere onargarriak ez diren ostatu eta aterpetxeak» eskaintzen dituztela, eta horrek «egoera are gehiago luzatzen eta kronifikatzen» duela. Sindikatuaren arabera, instituzioek hartutako erabakiak kalitatezko etxebizitza bermatzera zuzenduak baleude, «oinarri sendoetan bizitza garatzeko aukera» zabalduko litzateke familia askorentzat.

Masak azaldu du «etxebizitza desmerkantilizatzeak» izan beharko lukeela egoerari aurre egiteko azken konponbidea, haien ustez etxebizitzaren arazoa ez da-eta prezioa igotzea, «baizik prezio bat izatea». Hala ere, badakite hori «urrun» dagoela oraingoz. Hortaz, bitartean instituzioei eskatu ahal zaizkien hobekuntza eta erreforma batzuk azaldu ditu: «Etxegabetutako auzokide guztiei benetako alternatiba duin bat eskaintzea aldarrikatzen dugu, are gehiago adin txikikoak edo menpekotasunen bat duten auzokideak dituzten familiei, eta etxegabetze prozesuetan esku hartzea, interbentzioa ez dadin hain traumatikoa izan».

«Nork eskainiko dio alokairua paperik ez duen familia migratzaile bati? Saihetsezina zena gertatu zen: bota egin zituzten»

PEIO ALMAGRO AZET Etxebizitza Sindikatuko kidea

Ikastetxeek eta irakasleek ere badute zer egin. «Lehenengo eta behin, ikasleen bizitzan duten garrantzia eta erreferentzialtasunaren kargu egin». Masak gogoratu du ikasleek eskolan ematen dituztela eguneko ordu gehienak, eta askorentzat hori dela duten «espazio finko eta egonkor bakarra». Gainera, esan du eskolen irudia eta formaltasuna garrantzitsuak direla aldarrikapenak eta eskakizunak egiteko. Horregatik, garrantzitsutzat jo du antolatzea: «Haien ikasleei eskolatik kanpo gertatzen zaiena ere bada-eta eskolako arazoa». Bide horretatik, eredugarritzat jo du Kataluniako Docents per el Habitatge plataformaren lana. Masak azaldu duenez, azken urteotan antolatzen ibili dira, eta ikasleen etxebizitza gatazketan parte hartzen.

Guraso elkarteak ere garrantzitsuak dira, bidea izan daitezkeelako sindikatura heltzeko. Izan ere, zera kontatu du Masak: «Polizia haren etxera joan zen egunean jakin genuen Lakhdarren kasuaren berri, sindikatuko kide bat eta kide ohi bat bertatik igaro zirelako; agian lehenago ohartuta, Lakhdarren kasuan zerbait egin ahalko genuen». Horregatik, Masak uste du familia elkarteek euren eskoletako familiei jakinarazi ahal dietela sindikatua existitzen dela.

Antolakuntzaren garrantzia

«Antolakuntzara» deitu dute, bai sindikatuan eta familia elkarteetan, baita auzoetako ehuntze politiko eta herrikoian ere, «eskola komunitatearen eta eragile horien arteko elkarlana eta klase elkartasuna sustatuz eta etxebizitzaren eskubidearen aldeko aldarrikapenak eta borroka indartuz». Sindikatuan, esaterako, etxebizitzarekin arazoak dituzten auzokideen gatazkak kolektibizatzen dituzte, eta horien aurrean antolatu. «Elkartu egiten gara, denok batera aurre egiteko», nabarmendu du Hamzak. Eta Masak erantsi du arazo horiek «klase arazoa» direla, eta ez indibidualak. Horrez gain, zera esan du: «Etxebizitzaren problema baliagarria da lapurtu diguten komunitate politiko hori ere berregiteko, alboz albo gure auzokideekin etxebizitzak defendatzen ditugunean askoz harago doan proiektu bat defendatzen baitugu».

Masaren arabera, gero eta familia gehiago dira sindikatuaren parte. Asetu Herri Biltegian ari dira horietako batzuk. Besteak beste, Hamzaren eta Lakhdarren familiak. «Asanbladak egiten ditugu, bildu beharreko materiala eta elikagaiak noiz bildu adosteko, eta horiek etxebizitzarekin arazoa duten familiei emateko», azaldu du Hamzak.

Izan ere, azaldu dutenez, instituzioek eskaintzen duten janari alternatiba ez da batere egokia. «Egunean behin bakarrik joan gaitezke jantoki sozialera, eta ezin dugu janari hori jan, oso txarra dagoelako», adierazi du Lakhdarrek. Almagrok erantsi du, gainera, batzuetan eskoletako jantokietarako laguntzak ematen dituztela, «baina asteburuetan eta oporretan, zer?». Masak argi utzi du etxebizitza ez dela soilik lo egiteko toki bat izatea, «oinarrizko beharrizanak» bermatuta edukitzea baizik.

AZETeko kide ere baden Andrea Askondok helduen «infantilizazioa» gehitu dio egoera horri guztiari. Zehaztu duenez, ostatuetan ordutegi zehatzak jartzen dizkiete, eta, horrela, ezin dute «bizitza normal bat» izan. «Euren komunitatea beste auzo batean badute, ez dute denborarik hara joan eta itzultzeko. Eta jantoki sozialarekin berdin: ordutegi oso zehatzak dituzte, eta ezin dituzte egunak ondo antolatu. Hori ez da alternatiba duin bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.