Oiartzungo (Gipuzkoa) alkate ohi Martin Beramendik ustez joan den legealdian egin zituen irregulartasunak aztertu dituen udaleko ikerketa batzordeak amaitu ditu lanak. Eta ikerketaren ondorioak ezagutzera eman ditu: 2003tik 2007ra «gehiegikeria» eta «lege-hauste larriak» egin zituen Beramendik alkate karguan, atzo jakitera eman zutenez. EAren izenean izan zen alkate, eta egun Hamaikabateko Gipuzkoako presidentea da. Kontratazio prozedurak, ogasuneko arauak eta osoko batzarraren eskumenak urratzea, udalaren kontura gastu pertsonalak egitea eta udaletik jatorrizko txostenak eramatea leporatu diote.
Kanpoko kontu ikuskaritza batek egindako ikerketan oinarrituta lan egin du ikerketa batzordeak. 2008an sortu zuen batzordea Oiartzungo Udalak, eta bertanezker abertzaleko zinegotziak eta EBtik bereizitako zinegotzi batek parte hartu dute. Kontu ikuskaritzak egindako txostenak aztertu ondoren, ikerketa batzordeak ondorioztatu du Oiartzungo Udala«cortijo» bat balitz bezala kudeatu zuela Beramendik, diru publikoa «bidegabe erabiliz», udalbatzak egin beharreko kontratuak berak adjudikatuta, eta udalaren espediente batzuei «erabilera politikoa» emanez. «Irregulartasunzantzu argiak» ikusten ditu udalak, eta erantzukizun judizialak eskatuko dizkio alkate ohiari.
Beramendik alkate zenean«urraketa administratibo larriak» egin zituela dio batzordeak. Besteak beste, adjudikazio ekonomikorik gabe obrak agintzea, proiektutik kanpora zeuden lanak gauzatzea, udalbatzaren eskumenak urratzea, kanpoko enpresa jakin batzuei zerbitzu bera behin baino gehiagotan ordaintzea, edota zenbait zerbitzuren truke merkatuko prezioen halako bi ordaintzea egotzi dio.
Horrez gainera, Beramendik alkate gisa izan zituen dieta eta protokolo eta ordezkapenetan lau urtean 183.000 euro baino gehiago gastatu zuela dio batzordeak. Horien artean, Oiartzungo Udalaren kontura bazkarietan, afarietan, catering zerbitzuetan, lunch-etan eta edarietan 83.000 euro baino gehiago gastatu zituen alkate ohiak, batzordearen arabera. Denera, 291 otordu egin zituela jakinarazi du batzordeak. Halaber, asteburu eta jaiegunetan udalaren kontura bazkari eta afarietan 10.000 euro baino gehiago gastatu zituela salatu du.
Beramendik alkatetza galdu zuenean, harekin hainbat espediente eta txosten eraman zituelajaso du batzordeak ondorioetan. «Guztira 21 kutxa informazioz beteta. Hor zeuden dokumentu asko originalak eta bakarrak ziren», txostenaren arabera. Horietako batzuk dagoeneko berreskuratu dituzte udal teknikariek.
Martin Beramendik «lege-hauste larriak» egin zituela salatu du Oiartzungo Udalak
Alkatetzan egon zenean diru publikoa «bidegabe» erabili zuela ondorioztatu du ikerketa batzordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu