Aurore Martin Batasuneko mahaikidea espetxetik ateratzeko agindu du Paueko dei auzitegiak, haren kontrako euroaginduaren inguruko ebazpena atera arte. Ordura bitartean Poliziaren kontrolpean geldituko da Martin, eta egunero joan beharko da Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) jendarmeriara izenpetzera. Prokuradoreak ebazpena atera arte Martin Seysseko (Tolosa, Frantzia) espetxean preso atxikitzeko eskatu zuen. «Estatuen arteko konfiantza» argudiatuz, Frantziako Estatuan legezkoa den erakunde politiko bateko militantea Espainiako Justiziaren esku uzteko eskatu du prokuradoreak. Epaileak heldu den asteartean jakinaraziko du ebazpena. 85 pertsona joan ziren Pauera Martin sostengatzera.
Sei hilabeteko epean Espainiak Aurore Martinen aurka eskatzen duen bigarren euroagindua aztertu zuen atzo Paueko dei auzitegiak. Frantzian debekaturik ez dagoen alderdi politiko bateko jardun publikoa izan duela nabarmendu zuen Martinek auzian.
Amaia Rekarte abokatuak Martin libre uzteko eskatu zuen. Joan den ekainean, auzitegiak lehen euroagindua aztertu zuelarik, Martin libre aurkeztu zen auzira. Orduan ziren berme berak egonik, orduko erabaki bera hartzeko eskatu zuen. Uztaritzen edo Baionan egindako Batasunaren prentsaurrekoetan parte hartzea leporatzen dio Espainiak Martini. Abokatuaren iritziz, onartezina da alderdi bat legez kanpo ez dagoen lurralde batean horrelako erabaki bat onartzea.
Xabi Larralde Batasuneko mahaikideak gogor salatu zuen Martinen kontrako euroagindua. Haren iritziz, Martinen kasua politikoki erabili nahi du Madrilek aspalditik atxilotu nahi dituen hainbat pertsona haien esku gelditzeko. Erabakiaren larritasunaz ohartarazteko, Euskaldunon Egunkaria-ren kasua aipatu zuen Larraldek. Egunkaria itxiz gero Ipar Euskal Herriko edozein kazetari edo eragileren kontrako euroagindua eska dezaketela nabarmendu zuen. Heldu den larunbatean Martinen kontrako euroagindua salatzeko manifestazioa eginen da Baionan.
Martin espetxetik atera da, eta Poliziaren kontrolpean dago, epaileak ebatzi arte
Paueko dei auzitegiak heldu den asteartean erabakiko du Batasuneko kidearen kontrako euro aginduaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu