Gaur hustekoak dira Donostiako Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrean bizi diren migratzaileak. Polizia ugari daude dagoeneko bertan: Ertzaintzaren hamabost bat furgoneta, Espainiako Poliziaren lau auto, baita Donostiako Udaltzaingoa lau furgoneta ere. Drone bat ere erabili dute. Eraikinaren inguruan badaude txabola batzuk, migratzaileak bizi izan direnak; horiek arakatzen ari dira poliziak. Sarrerak itxita dituzte. Lekukoen arabera, gutxienez bederatzi pertsona identifikatu dituzte.
Duela pare bat aste 111 pertsona bizi ziren han: Marokotik eta Aljeriatik Euskal Herrira iritsitako 107 gizon eta lau emakume. BERRIAk horiekin lanean aritzen diren boluntarioekin hitz egin du, eta, ustez, bat bera ere ez dago jada eraikinean.
Donostiako Udalak esana du udal egoitzaren bat eskainiko ziela. Boluntarioen esanetan, 50-60 hiriko La Sirena aterpetxean daude; alta, salatu dute udalak ez diela behar beste informazio pasatu eta boluntarioek ibili behar izan dutela lan horiek egiten.
