«Ez daukagu Donostiako Udalaren berririk»

Bihar kaleratuko dituzte Donostiako Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharrean bizi diren migratzaileak. Bertan jarraitzen dutenek salatu dute Donostiako Udalak ez diela eskaini aterperik edo lo egiteko lekurik.

Oraindik Martuteneko eraikinean jarraitzen duten migratzaileetako batzuk, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oraindik Martuteneko eraikinean dauden migratzaileetako batzuk, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar hustuko dute Donostiako Martutene auzoko agustindarren eskola zaharra. Duela bi aste 111 pertsona bizi ziren bertan. Marokotik eta Aljeriatik Euskal Herrira iritsitako 107 gizon eta lau emakume. 20 eta 44 urte artekoak. Eraikina husteko egun bakarraren faltan, horietako batzuek beren kabuz utzi egin dute duela urte batzuetako distira galdu duen eraikin ederra. Donostiako kaleetan galdu dira.

Hala ere, askok bertan jarraitzen dute. Donostiako Udalak egunotan komunikabideen bidez esan du udal egoitzaren bat eskainiko diela agustindarren eraikinean bizi diren pertsonei, bihartik aurrera kalean gera ez daitezen. Baina oraindik ere eraikinean daudenek ez dute ezer jakin: «Ez daukagu Donostiako Udalaren berririk», esan zioten atzo BERRIAri dozena bat migratzailek, agustindarren eskola zaharreko patioan.

«Ez dakit zer egingo dudan; joan egin behar dut, baina ez dakit nora», zioen Hassanek, italiar doinuko gaztelanian, Italian pasatutako urteen erakusgarri. Haren izena asmatutakoa da, ez baitute haien nortasunaren zehaztasunik eman nahi. Hassanek urtebete baino gehiago darama Martuteneko eraikin okupatuan.

Kalera

Donostiako Udaleko GLEZ Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua da haien erreferentzietako bat. Zerbitzuaren bulegoetara jo zuten herenegun haietako askok, aterperen edo lo egiteko lekuren bati buruz galdezka. «30 lagun baino gehiago ginen», azaldu zuen Omarrek. «Ez zegoen ezer. [Donostiako Udalak] Egunkarian bakarrik hitz egiten du, ez digu aterperik eskaini». Egoera horretan, haien «plana» kalean lo egitea da: «Kanpin denda batean, eraikin baten azpian...».

Hassan harrituta dago negu betean kaleratuko dituztelako: «Europako leku askotan bizi izan naiz, eta lehen aldiz ikusi dut jendea neguan kalera botatzen. Nora joango da jendea?». Eraikina husteko agindua eman duen epaileari zuzendu zitzaion: «Ez dakit epaileak zer pentsatzen duen. Beti pentsatu dut gizakiaren egoerak duela lehentasuna, baina hemen kontrakoa topatu dut».

«Europako leku askotan bizi izan naiz, eta lehen aldiz ikusi dut jendea neguan kalera botatzen. Nora joango da jendea?»

HASSAN Martuteneko eraikinean bizi den migratzailea

Izan ere, epaile batek agindu du eraikina husteko. Gune fundazioarena da eraikina. Hura zaharberritu eta hezkuntza proiektu bat abiatu nahi dute bertan: Ortzadar. Horretarako, eraikina husteko eskaera aurkeztu zuen, baina bertan bizi zen batek kontrako helegitea aurkeztu zuen. Orain epaileak arrazoia eman dio fundazioari. Eraikina husteko eguna ere zehaztu du: bihar.

Zaborra, Martuteneko eraikinaren inguruan. GORKA RUBIO / FOKU
Zaborra, Martuteneko eraikinaren inguruan. GORKA RUBIO / FOKU

Iragan ostiralean hiriko zenbait gizarte eragilek jakinarazi zuten epaileak eraikina husteko agindua eman zuela. Donostiako Udalak migratzaile horien egoeraren ardura duela salatu zuten; izan ere, haien iritziz, duela urtebetetik eraikina hustu egin beharko zela jakinda ere udalak ez du ezer egin pertsona horien egoera bideratzeko. Eraikina lanbide heziketako zentro bat zen, eta itxita dago 2003tik. Migratzaile batzuek bi urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen.

Gizarte eragileek agerraldia egin zuten, eta hurrengo egunetan Donostiako Udalak esan du erakundearen gizarte zerbitzuak migratzaile horietako gehienekin —84rekin— lanean ari direla, eta bakoitzaren egoeraren araberako laguntza eskaintzen ari direla.

Boluntarioen laguntza

Agustindarren eraikineko patioan elkartutako marokoarrek eta aljeriarrek, baina, ukatu egin zuten hori. Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzura jotzen dute, bai. «Baina hilean behin hitzordu motz bat izaten dute», azaldu zuen Garazi Montuschik, Kaleko Afari Solidarioetako eta Donostiako Harrera Sareko kideak. «Zerbitzu horrek ez du ez denborarik ez gaitasunik haientzat ikastaroak bilatzeko». «Boluntarioei esker lortzen ditugu ikastaroak», osatu zuen azalpena Omarrek. Txantxa artean, hilabeteotan erakundeetara laguntza eske jo dutenean gehien jaso dituzten erantzunak zerrendatu zituzten: «itxaron zerrenda», «pazientzia» eta «jende asko dago».

Gehienek ikasketak dituzte: Hassanek mekanika ikasi zuen Marokon; Ahmed aljeriarra margolaria zen, eta film batzuetako dekorazioak egin zituen; Youssefek soldatzen ikasi zuen... Ikasten jarraitzen dute, Donostian. Hassan iturgintza ikasten ari da. Omarrek nekazaritza eta sukaldaritza ikasi ditu, eta orain margotzen ikasten ari da. Ñabardura bat egin zuen Montuschik: «Tripa hutsarekin, ondo lo egin gabe eta dirurik gabe joaten dira ikastaroetara».

«Niri esan izan didate denbora luzea daramadala hemen, ez dudala arazorik izan Poliziarekin, ez daukadala isunik, eta, beraz, ea zergatik behar dudan laguntza»

OMAR Martuteneko eraikinean bizi den migratzailea

Abandonatutako eraikin batean bizi dira. Ez dute urik, ez dute argindarrik, ez dutxarik, ez ikuzgailurik... baina itxura txukuna dute. Bakarren batek baita kolonia usaina ere. Duintasunari eusten saiatzen dira.

Batzuetan haien kalterako izaten da. «Zaborretan aurkitutako arropa dut, baina txukun janzten saiatzen naiz», azaldu zuen Hassanek, galtzak eta berokia seinalatuz. «Baina haiek [gizarte zerbitzuetako langileek] esaten didate ondo nagoela». Alegia, itxura ona baldin badute, esaten diete ez dutela laguntzarik behar. «Badirudi pena eman behar dugula gutxieneko batzuk lortzeko».

Beste era bateko txukuntasuna ere eragozpena dela gehitu zuen Omarrek: «Niri esan izan didate denbora luzea daramadala hemen, ez dudala arazorik izan Poliziarekin, ez daukadala isunik, eta, beraz, ea zergatik behar dudan laguntza».

Hotza

Zaborrez beteta daude eraikinaren inguru guztiak. Migratzaileek arratoiak dituzte bizilagun. «Katuak bezain arratoi handiak», Omarren esanetan. Arratoiren bat agertu zen atzo arratsaldean zabor artean.

«Hala ere, esan behar da haien logelak oso txukun dituztela», nabarmendu nahi izan zuen Montuschik. Gela bakoitzean hiru edo lau lagun bizi dira. Koltxoietan lo egiten dute. Boluntarioek ematen dizkiete janaria eta gas bonbonak. Bi komun txiki dituzte ehun lagunentzat. «Leku honen gauza on bakarra da aterpe bat eta hormak ditugula», Ahmeden arabera.

«Askoren gaixotasunak kalean bizitzearen ondorio dira. Ez daukate janaria erosteko dirurik, are gutxiago botikak erosteko»

GARAZI MONTUSCHI Kaleko Afari Solidarioetako eta Donostiako Harrera Sareko boluntarioa

Ez dute kalean lo egiten, baina hotz egiten du. Leiho gehienak hautsita daude. Horietako batzuk nola edo hala estali dituzte, hotzari aurre egiteko asmoz. «Eraikin hau hozkailu bat da», Omarren esanetan. «Bi edo hiru tapakiren azpian babesten gara, eta berokia ere janzten dugu lo egiteko».

Lo egiteko edo lo egiten saiatzeko. Denek onartu baitzuten oso zaila dela baldintza horietan lo egin ahal izatea. Hotza, hezetasuna, zaratak, Polizia sartzeko beldurra... «Estresatuta bizi gara hemen, beldurtuta», azaldu zuen Hassanek. Epeletan egoteko eta lo kuluxkaren bat egiteko Omarrek hartu izan du Renferen trena aurrena Brinkolaraino, eta gero handik buelta Iruneraino.

Donostiako zenbait taldek agerraldia egin zuten ostiralean, kaleratzearen berri emateko eta migratzaileen egoera salatzeko. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako zenbait taldek agerraldia egin zuten ostiralean, kaleratzearen berri emateko eta migratzaileen egoera salatzeko. GORKA RUBIO / FOKU

Migratzaile horietako batzuek Martuteneko eraikinean probatu eta hartu dituzte lehen aldiz alkohola, Lyrica botika —pregabalina— eta drogaren bat, «lo egiteko». Gutxi direla zehaztu dute. «Nik Marokon ez nuen alkoholik edo drogarik hartzen», dio Omarrek. «Hemen pilulak, Lyrica eta alkohola hartzen ditut lo egiteko». «Drogak egoera ahazteko eta lo egiteko dira», berretsi zuen Hassanek. Gutxi direla errepikatu zuen: «Ez badaukagu dirurik janaria erosteko eta Kontxako dutxaren 1,60 euroak ordaintzeko, nola erosiko ditugu haxixa edo Lyrica?».

Osasun arazoak

Patioan bildutako taldearekin bat egin zuten beste bi migratzailek. Biak ere beteranoak, Martuteneko eraikina eta haren barrunbeak ondo ezagutzen dituztenak. Baina ez dute eraikinaren barruan lo egiten, kanpoan eraikitako txaboletan baizik. Haiek ere bidaliko dituzte bertatik.

Baldintza horiek guztiek osasun arazoak sortzen dizkiete. Ohikoak dira arnasketa arazoak, asma batez ere. «Askoren gaixotasunak kalean bizitzearen ondorio dira», nabarmendu zuen Montuschik. Osasun txartela badute, baina batzuen osasun laguntzaren barruan ez dira botikak sartzen. Erosi egin behar dituzte. «Beraz, medikuek artatzen badituzte ere, gero ezin dute tratamendua bete», Montuschiren esanetan. «Ez daukate janaria erosteko dirurik, are gutxiago botikak erosteko». Kasu horietan, elkarteak eta boluntarioak dira botikak lortzeko aukera bakarra.

«Itzuliko banintz, berriro hutsetik hasi beharko nuke. Hemen jarraitzen dut, nola edo hala aurrera ateratzeko»

AHMED Martuteneko eraikinean bizi den migratzailea

Hazteri kasuak badira Martuteneko eraikinean. Baina hazteriari aurre egitea gurpil zoro bat da: hazteria atzematen diete, bi hilabete itxaron behar dituzte tratamendua egiteko, denbora horretan elkar kutsatzen dute, ez dute dutxarik, ez ikuzgailurik arropa garbitzeko, eta, beraz, hazteria ez zaie kentzen.

Abandonatutako pertsonak, abandonatutako eraikin batean. «Gaizki» eta «haserre» sentitzen dira. «Mina» sentitzen dute, Hassanen arabera. «Badirudi ez dugula ezer merezi. Ez gaituzte pertsona gisa tratatzen. Zakurrak gu baino hobeto daude». Guztiak bat zetozen. «Zaborra izango bagina bezala tratatzen gaituzte», gehitu zuen Omarrek.

Etxera bueltarik ez

Marokon zela, Hassanek pentsatzen zuen Europa «paradisua» izango zela, baina «kolpe psikologikoa» jaso zuen Europan halako baldintzetan bizi behar izan zuenean. Omarrek uste zuen urtebetean edo bi urtean sufritu egin beharko zuela, baina gero bizitza hobea izango zuela: «Paperak izango nituela, lana lortuko nuela, dirua egingo nuela eta familiari lagunduko niola». Errealitatea bestelakoa da. «Jende asko ari da sufritzen».

Eta, hala ere, Marokora edo Aljeriara bueltatzea ez da aukera bat haientzat. Hassanen aita eta ama hilda daude. «Bueltatuko banintz, zer topatuko nuke?», galdetu zuen. «Oso zaila da bueltatzea. Denbora luzea pasatu dut hemen. Hainbeste gauza txar eta gero, gauza onak etorriko dira».

Omarren Marokoko familiak ez daki zer baldintzatan bizi den. Jakinez gero, bueltatzeko esango liokete.

Ahmedek sei urte daramatza Aljeriatik kanpo: «Itzuliko banintz, berriro hutsetik hasi beharko nuke. Hemen jarraitzen dut, nola edo hala aurrera ateratzeko».

udalak lagunduko diela esan du insaustik

Jon Insausti Donostiako alkateak atzo ziurtatu zuen udaleko gizarte zerbitzuak «bana-banako lana» egiten ari direla Martuteneko agustindarren eraikin zaharrean bizi diren migratzaile batzuekin. Helburua haiek gizarteratzea eta merkatuan sartzea da, «baina elkarbizitza baldintza batzuk onartu beharko dituzte». Insaustiren arabera, baina, eraikinean bizi direnen artean badira udalaren laguntzarik nahi ez dutenak eta «delituak egiten dituztenak».

Espero du migratzaileak eraikinetik kanpo egongo direla bihar, kaleratzea hasi aurretik. «Ez dut onkeriarik eta populismorik eskatzen, erantzun zehatzak ematen ari gara», alkatearen iritziz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.