euskal herria

Martxan da Ibilkari, BERRIA.INFOren mendiko kanala

BERRIAk astero eskaintzen dituen orrien arrastoari jarraikiz, mendiarekin lotutako mota guztietako albisteak eta kontakizunak eskainiko ditu Ibilkari atariak, eta, horrez gain, elkargune bat izango da mendia maite duten ororentzat. Atzo aurkeztu zuten kanala, Andoainen. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1745/[/berriatb]

Maite Alustiza.
2013ko apirilaren 11
17:17
Entzun

Euskal mendizaleek beste erreferente bat dute atzoz geroztik: Ibilkari da, BERRIA.INFOren mendiari buruzko kanala edo ataria. BERRIAk paperean astero biltzen duen informazioaz gain, mendiarekin lotutako albisteak eta kontakizunak ere eskainiko ditu. Gainera, mendia maite duten ororentzat elkargune izatea izango du xede; ibilbide bilduma handi bat eta dokumentazio zabal bat sareratuko du, mendizaleen bidelagun bihurtu nahian.

Atzo iluntzean aurkeztu zuten ataria, Andoainen. Han bildu ziren mendiarekin lotura duten hainbat lagun, atariaren xehetasunak jasotzeko asmotan. Kanala aurkeztu zuten Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Jon Ordoñez BERRIA.INFOko arduradunak eta Ainhoa Lendinez mendizale, kazetari eta atariko arduradunak. 

Ordoñezek ekitaldiaren hasieran aipatu zuen aurkezpenean behin baino gehiagotan adierazi zuten ideia: atariak bilgune izan nahi du, ekarpenak jaso, eztabaidagune izan. Astero BERRIAn argitaratutako artikuluak oinarri hartuta, "erreferente izango den bilgunea sortu" nahi dutela nabarmendu zuen Ordoñezek. Kanalak dituen atalak aipatu zituen ondoren: azala, blogarien atala, ibilbideak, Twitterreko Ibilkari kanala, elkarrizketak, egutegiak…

Ibilbideen atalean, adibidez, hautaketak egiteko aukera ematen du atariak, bilaketa sistema baten bidez: herrialdeak, tontorrak, ingurunea, abiapuntua eta abar aukera daitezke. Agenda atalaren eta kolaboratzaileen ekarpena azpimarratu zuen bereziki Ordoñezek. ”Nahi duguna da elkar ezagutzea, mendizale euskaldunen komunitatea egituratzeko”.

Blogarien txokoa

Lendinezek hartu zuen hitza ondoren. ”Niretzat oso erosoa eta beharrezkoa da mendiaren inguruan dabiltzan guztiak gune batean biltzea”, esan zuen. Blogarien sailari erreparatu dio bereziki. Hainbat arlotako lagunak bildu nahi izan dituztela azaldu zuen: mendi irteeretan dabiltzanak, eskalatzaileak, eskiatzaileak… Atalak guneari ”bizitasuna” emango diola uste du.  Blogarien artean dira, besteak beste, Lorea Madina, Oihana Kortazar, Julen Urdaibai, Nagore Salaberria, Jonatan Larrañaga, Xabi Mujika Smithy eta Esti Kerejeta. Azken sarrera aurkezpenaren ostean idatzi zuen Mikel Arrizabalagak: Mendizaletasuna eta euskara.

Aurrerantzean, beste hainbat atal gehitzeko asmoa dute Ibilkari-ren kudeatzaileek. Otamendik esan duenez, foro bat sortzeko ideia ere badute, "informazio praktikoa" topatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.