Martxel Ensunza euskaltzain urgazlea zendu da

Irakasle eta euskaltzain urgazlea larunbatean hil zen, 73 urte zituela.

Martxel Ensunza. BERRIA
Martxel Ensunza. BERRIA
2025eko abuztuaren 25a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Loiun (Bizkaia) jaio zen Martxel Ensunza euskaltzain urgazlea, 1952ko uztailaren 1ean, eta larunbatean zendu zen. Ingeniaritzan doktorea zen (Euskal Herriko Unibertsitatea), EHUko irakasle izana, eta erretiroa hartuta zegoen. Ekaia aldizkariaren zuzendari aritu zen, baina batez ere zientzia eta teknika arloko euskara lantzen jardun zuen, besteak beste Jose Ramon Etxeberria eta Jazinto Iturberekin batera.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1991ko urtarrilaren 31n, eta LEF azpibatzordean (Lexiko Ebazpenen Finkapena) jardun zuen batik bat (1989-1995). Hona hemen Ensunzaren zenbait idazlan: Alfabetatze zientifikoa (1983) eta Zientzia eta teknikarako euskara (2008, elkarlanean). Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, Ensunza aitzindaria izan da euskarari bere lekua ematen zientzia eta teknika arloan. «Euskaltzale sutsua eta saiatua: hor dira bere lanak, bere argitalpenak. Horien eskutik jakin izan genuen askok bide bat bazela gure hizkuntzarentzat halako esparruetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.