Liburu aurrerapena

Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza

'Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza' liburua ondu du Garbiñe Ubeda kazetariak, Aleka bildumarako.

Garbiñe Ubedaren liburuaren azala. BERRIA
Garbiñe Ubedaren liburuaren azala. BERRIA
2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Munduan dagoen lanbiderik politena».

Halaxe definitu du Martxelo Otamendik kazetaritza. Erretreta hartu arteko urte gehienak eman dizkio ofizioari. Eta ofizialki erretreta hartuta ere, bertatik bertara erreparatzen die komunikabideei. Gaur egungo ziurgabetasuna hartu du hizpide, baita aurrera begirako erronkak ere. Beste kargu bat hartuko du lau urterako: MIDAS hizkuntza komunitate gutxituetako egunkarien elkarteko lehendakaria izango da.

Komunikabideek eta kazetaritzaren esparruak zure ibilbide profesionalaren zatirik handiena hartu dute. Kazetaritzak gaur duen egoeraz zer diozu?

Munduan dagoen lanbiderik politena da kazetaritza. Oso motibagarria da, inguru eroso batean behintzat. Elkarrizketa bat egin, biltzar batera joan... finean, pribilegiozko lan bat da kazetariarena, zure ezagutza zabaltzeko eta jende interesgarri askorekin egoteko aukera ematen dizulako, izan kulturan, kirolean edo beste edozein sailetan. Lan polita eta pasiozkoa da.

Baina erronka handiak ditu aurrean.

Zer etorkizun daukan? Ez dakit inoiz egon ote garen horren ataka kezkagarrian, ezin baitugu aurreikusi zer datorren.

Irudipena daukat historian oso mantso gertatu direla aldaketak, eta oso luzeak izan direla aldaketa nabarmenik gabeko tarteak.

Albiste bat sortzen denean, albiste hori hartu eta ematea, hori izan da funtsean kazetaritza. Eta albiste hori emateko, kazetaria makina batean aritu da idazten urte askoan; lehenik makina hiper analogiko batean, gero elektrikoan, eta ondoren ordenagailuan. Eta linotipia erabili da, inprenta eta abar. Baina orain, adimen artifiziala dela eta ez dela, ezin dugu aurreikusi kazetaritza nola egingo dugun hainbat urte barru.

Azken 50 urteetan, gero eta tarte motzagoetan gertatzen dira aldaketak. Eta iruditzen zait kazetaritza impasse batean dagoela bai produkzio aldetik eta bai kazetaritzari eusten dioten enpresa proiektuen aldetik ere, ez dakigulako non geldituko den adimen artifiziala, gauza asko egiteko gaitasuna izango duen elementu hori, eta ez dakigulako zer oreka egongo den pertsonen eta sistemen artean.

Badakigu sekulako aldaketa garaia etorriko zaigula, eta oso azkar gertatuko dela, baina ez dakigu kontrolatzera iritsiko ote garen. Dagoeneko ari dira adimen artifizialarekin albisteak egiten.

Gauza bera gertatzen da beste zenbait ofiziotan ere; esaterako, medikuntzan eta garraioan. Gero eta gehiago, txoferrik gabeko autoak etorriko dira; garraio tipologia hori konfiguratzen ari da dagoeneko, eta jendeak ez du bere autorik izango. Milaka auto izango dira garraio enpresa batzuen zerbitzura, aplikazio bidez.

Baikorra zara horretan ere?

Lehenago esandakoa: oso produkzio txikia zegoen esparru batean, euskarazko kazetaritzan alegia, egundoko aukera zabaltzeko gaitasuna izan dugu, eta profesional mordo bat ari da arlo horretan lanean.

Eta gure onkologoak onkologia euskaraz oso ongi esplikatzen dakien bezala, kazetaritzan ere sekulako aurrerapena egin dugu azken 40 urteetan, hain zuzen, belaunaldi batek esan zuelako munduan hizkuntzari lotutako edozer tresna edo asmazio sortuz gero, ba, handik gutxira haren baliokidea nahiko duela euskaraz. Euskarazko lehen liburu inprimatua inprenta sortu eta 50 urte geroago plazaratu zen: 1545ean. Aurreneko egunkaria sortu zenetik, eta Eguna alde batera utzita, 200 urte igaro ziren Euskaldunon Egunkaria atera bitartean. Beste 200 urte itxaron behar dugu sareetan euskaraz aritzeko?

Orain asko laburtu ditugu beste hizkuntzen eta euskararen arteko tarteak, badagoelako belaunaldi bat esan zuena «ikastolak nahi ditugu», eta «euskarazko egunkari bat egingo dugu». Horrela sortu zen Elhuyar bere garaian, horrela bihurtu zen Zeruko Argia Argia, Carlos Garaikoetxea lehendakari eduki zuen Eusko Jaurlaritzak EITB eta EHU sortu zituen, Egunkaria ere horrela sortu zen, tokian tokiko aldizkariak, Hamaika telebista... Ez zuten itxaron nik dakit zenbat urte pasatu arte, gabezia ikusi eta ekin egin zuten.

Erretreta hartuta zaude, baina jarraitzen duzu BERRIAn zutabeak idazten eta tertulietan parte hartzen. Gainera, MIDAS European Association of Daily Newspapers in Minority elkarteko lehendakari izendatuko zaituzte. Zer da justuki?

Europako hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkarien elkartea da MIDAS. Hasieran, paperean eta webean argitaratutako egunkariek osatzen zuten elkartea, baina gerora Vilaweb bezalakoak ere onartu dira, baldin eta produkzio handia baldin badaukate.

[…]

Zein da elkartearen egiteko nagusia?

Elkarren berri ematea, ezagutza trukatzea eta baten esperientzia bestean erabiltzeko aukera ematea, besteak beste.

[…] 

Eta orain zeu izango zara bertako presidente?

Duela urtebete, esan zidaten oraingo presidenteak utzi egin behar zuela, presidente izateko epea pasatua zuelako jada. Hasiera-hasieratik gaude gu MIDASen, bazkide sortzaileak baikara beste batzuekin batera, eta Tolosara etorri ziren hitz egitera. Ezin nien ezetz esan: bizitza osoan ibili gara han, eta Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean oso ongi portatu ziren. Lau urte egingo ditut postu horretan. Baldin eta, nire lagun batek dioen bezala, lehenago desegiten ez badute niregatik.

LIBURU AURKEZPENAK

  • TOLOSA - Urriak 14, 18:30 - Zerkausia
  • BAIONA - Urriak 16,19:00 - Biltxoko
  • IRUÑEA - Urriak 29, 18:30 - Laba
  • BILBO - Azaroak 24, 18:30 - Kafe Antzokia
  • GASTEIZ - Azaroak 27, 18:30 - Izaskun Arrue kulturgunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.