Martxoak 3 elkarteak eskatu du biktimen ondare materialen inbentarioa egiteko

Gasteizko memorialari edukia emateko dagoen material guztia ezagutzea «garrantzitsua» dela dio taldeak.

Julen Diaz de Argote, Nerea Aranburuzabala eta Arturo Val del Olmo gaur, Gasteizen egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Julen Diaz de Argote, Nerea Aranburuzabala eta Arturo Val del Olmo gaur, Gasteizen egindako agerraldian. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 29a
14:30
Entzun

Bi pauso eman dira hilabete honetan Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa eratzeko proiektuan: Gogora institutuak eta Martxoak 3 elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta gunea kudeatzeko fundazioa eratu. Gaur agerraldia egin du biktimak oroitzeko elkarteak, eta urtean zehar egin beharreko zenbait ekintza proposatu ditu. Bertzeak bertze, elkartea osatzen dutenen ondare materialen inbentarioa egitea galdegin du: «1976ko grebei lotutako zenbat objektu ditugun jakin nahi dugu, baita sarraskiaren testuinguruari eta haren aurrekariei lotutakoak, eta Martxoaren 3ko memoriarekin lotutako ondorengo urteetako adierazpen material guztiei lotutakoak ere».

Elkartearen erranetan, «garrantzitsua» da dagoen material guztia zein den jakitea, memorialari edukia eman ahal izateko. Helburu hori lortzeko, donazioen protokolo bat ezarriko dute, nazioarteko esperientzietan oinarrituta. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraikiko dute gunea, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil zituen lekuan: Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Mari Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda.

Horrez gain, memoriala eraikitzeko lehiaketaren oinarriak finkatu behar direla azaldu dute. Horretarako, erakundeei azken zirriborroa eskatu diete, edukiaren inguruan aholkua emateko. Hala, Gogora institutuarekin bilduko dira metodologia, lan helburuak eta kronograma bat elkarrekin adosteko. Adierazi dute beren kezka nagusietako bat dela elizan dauden «sarraskiaren aztarnak babestea»: «Eraikina inguratzen duen arbelezko teilatuan dauden bala markak, baita beirateetan daudenak ere, katalogatu, babestu eta mantendu behar dira, estatu krimenaren frogak direlako. Elizan egingo den birmoldaketan, kontuan hartu beharreko aztarnak dira». Gainera, 1976an eraikina inguratzen zegoen lubakian esku hartze arkeologiko bat egitea ere egokia litzatekeela uste dute: «Geroago estalitako espazio horretan, baliteke hilketaren egunean eroritako kristalak, bala zorroak eta era guztietako objektuak lurperatuta geratu izana».

Memoriala kudeatuko duen fundazioan lau erakundek parte hartu dute: Gasteizko Gotzaindegiak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Lehenak eraikina erabiltzeko baimena emanen du, eta gainerakoek hiru milioi euroko inbertsioa eginen dute, eraikina zaharberritzeko. Lau erakunde horietako kideak egonen dira fundazioaren patronatuan, baita Memoria Gara-ko eta Martxoak 3 elkarteko kideak ere. Zehazki, Nerea Martinez Aranburuzabala eta Arturo Val del Olmo izanen dira Martxoak 3 elkarteko ordezkariak, Martinez hildako bost lagunetako baten iloba da, eta Val del Olmo prozesu hartako protagonistetako bat. Julen Diaz de Argote da Memoria Gara-ko ordezkaria, eta bera arduratuko da memorialaren diseinua eta edukia kudeatuko dituen lantaldea koordinatzeaz. Hirurak egon dira gaurko agerraldian.

Bi urteko itxaronaldia

Gogora-ren eta Martxoak 3 elkartearen arteko akordioaren sinadurak eta fundazioaren eraketak harrabotsa eragin du azken asteotan. Elkarteak adierazi duenez, duela bi urte baino gehiago adostu zuten lankidetza hitzarmena sinatzea, baina ez da otsailera arte iritsi. Zehazki, Nerea Martinez elkarteko kideak BERRIAri erran zion Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak proposatu ziela iazko abenduan sinatzea dokumentua: «Guk ezetz esan genion: ez zeukan zentzurik hilabete baterako hitzarmena sinatzeak eta urtarrilean berriro ere berritu behar izateak. Horregatik, esan genion urtarrilean egitea iruditzen zitzaigula egokiena, baina orduan sinatzeko jakinarazpenik ez genuen jaso, ezta otsailean egiteko ere». Elkarteak sare sozialen bidez salatu zuen proposamenik ez zitzaiela iritsi, eta orduan jarri ziren haiekin harremanetan.

Fundazioari dagokionez, elkarteak urte hasieran adierazi zuen ez zutela horren berri, eta oraindik hitzarmena sinatzeko zain zeudela. Aste batzuk geroago iritsi zen hitzarmena. Duela aste batzuk, baina, Melgosak adierazi zuen ez dagoela loturarik hitzarmena sinatzearen eta fundazioaren eraketa egun bat geroago egitearen artean: «Ez du inolako zerikusirik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.