Haserre daude Martxoak 3 elkartekoak, Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroak haien kide eta senideak aipatzeko moduarekin. 1976an Espainiako Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileen omenez sortutako taldeak salatu du memorialean 1976 eta 1983 artean gertatutakoari egindako tokian jartzen duela haien kideek eta senideek bizia galdu «zutela». Txio batean nabarmendu dute kontrako efektua eragin duela aipamen horrek, haren asmoa baldin bazen 1960tik 2021era indarkeria mota ezberdinek eragindako biktimen omenezko memorialak hauspotzen duen «kontakizun baztertzailea zuritzea». Hain zuzen, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa zentrora joan da gaur, Historia y Memoria del Terrorismo en el País Vasco (Terrorismoaren Historia eta Memoria Euskal Herrian) ikerketa proiektuaren aurkezpenean parte hartzera. Zentroaren partzuergoak berak sustatu du proiektua.
ð;Â;ŸÂš¨Lotsagarria eta amorragarria da, Gasteizko @MemorialVT zentroan 1976-1983 epealdiari egiten zaion aipamena, non Martxoak 3 sarraskian poliziak eraildako langileak "bizia galdu zutela" azaltzen duten. Urte horietan izandako Estatu-biolentzia guztia ez eta aipatu ere. pic.twitter.com/94Ds8MTXYT
— Martxoak 3 #M3moria (@Martxoak3) July 5, 2021
Oztopoak demokraziarako bidean izeneko atalean egin dute Poliziak hildakoen aipamena, eta Martxoak 3 taldearentzat «lotsagarria eta amorragarria» da bizia galdu «zutela» jartzea. «Euskal erakundeek partzuergotik atera beharko lukete inpunitatearen eredu espainiarra ez elikatzeko», nabarmendu du elkarteak sare sozialetan.
Grande-Marlaskak hitza hartu du gaur zentroan egindako aurkezpenean, eta adierazi du gizarteak askotan ahaztu dituela «terrorismoaren biktimak», ez dituela kontuan hartu. Espainiako Barne ministroaren esanetan, biktima horiek dira, hain zuzen, «terrorismoaren akatsari» aurre egiteko «beharrezko gotorlekua». Esan duenez, Biktimen Oroimenezko Zentroaren helburua da «demokrazia, etika publikoa eta balio demokratikoak» zabaltzea, eta gogoratzea mende erdi baino gehiagoz gertatu zen «terrorismoa», ETArena zein «beste terrorismo batzuk», ezin direla errepikatu.
Joan den ekainaren 1ean inauguratu zuten memoriala Gasteizen, eta ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Espainiako errege-erreginak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak. Egun horretan bertan, elkarte memorialistek salatu zuten ikuspegi «partziala» duela zentroak eta estatuaren biktimak ahaztu dituela.
Berria-k ibili egin zuen museoan, eta frogatu zuen ETAren indarkeria luze eta zabal jorratu dutela han, baina estatuaren biktimak apenas ageri direla.