Hormek oroituak eta atzenduak

ETAren indarkeria luze eta zabal jorratu dute Biktimen Oroimenezko Zentroan. Estatuaren biktimak, ordea, apenas ageri diren erakusketa osoan

Bisitari bat Ortega Lara eduki zuten zuloaren erreplikara sartzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
Gasteiz
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Murakamiren Tokyo Blues-ekoa da pasartea: urtegi bat eraikitzean, herrixka bat ur azpian geratu zela, baina hegazti migratzaileek oraindik gogoan dutela herrixka hura, eta, bertatik igarotzean, ikus daitezkeela hegazti horiek urtegiaren —murgildutako herriaren— gainean, hegaka. Ikasbide bat ematen du pasadizoak: errealitateak murgildu daitezke, ikusezin egin, baina memoriak badirau. Funtsean, horixe baita zabaldu berri den Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak erakusten duena: historia gordin bat kontatzen du, milaka pertsonaren oinazea, baina memoriaren parte bat ia erabat erauzita, bere korridoreek, horietan idatzitakoek eta izkiriatu gabe utzitakoek adierazten dutenez.



Asteartean inauguratu zuten zentroa, eta asteazkenetik dago herritarrentzat zabalik. Ikusmina agerikoa da; ostegunean, eguerdian zentroa zabaldu aurretik, dozena bat lagun atarian ziren, ateak noiz zabalduko. Segurtasun kontrola igaro ondoren, hiru solairutan zehar indarkeria politikoaren ondorio latzetan murgiltzen da bisitaria. Lehenik, hiru hormatan proiektatutako ikus-entzunezko batean jasotako lekukotzen bidez. M-11, Hipercor, Atotxako abokatuak. Dori Monasterio, ETAk 1969an hildako Fermin Monasterioren alaba; Ana Arregi, 1995ean zauritutako Jon Ruiz Sagarna ertzainaren bikotekidea; Monse Lezaun, ETAk 2009an hildako Diego Salva guardia zibilaren ama; Imanol Ansa, Batallon Vasco Españolek 1979an hildako Joxe Ramon Ansaren anaia; eta Sylvie Olaskoaga, GALek 1984an hildako Christian Olaskoagaren senidea.

Hiru solairuko erakusketan, soilik beste behin agertuko dira GALen, eskuin muturreko taldeen edo estatuko funtzionarioen beste biktima batzuen izen-abizenak: Segundo Marey, Joxean Lasa, Joxi Zabalarenak, GAL izan zena azaltzeko zentro osoan dagoen paragrafo bakarrean.

«Terrorismoaren historia» kontatzen duen galeria bat zeharkatu behar da segidan, DRILek 1960an hildako Begoña Urroz haurrarengandik hasi eta gaur eguneraino, Jose Antonio Pardines guardia zibilaren hilketatik, Luis Carrero Blanco gobernuko presidentearenetik, «terrorismo ultraeskuindarrak» Jurramendin 1976an hildakoetatik eta GRAPOk 1979an eginiko eraso batetik igarota.

Tartean, garai hartako testuinguru politikoaren azalpenak: «Espainiako Konstituzioa 1978ko abenduan sartu zen indarrean, eta demokraziaren oinarriak finkatu zituen. Urte horretan berean sortu zen HB koalizioa, Herri Batasuna, ETA militarraren hauteskunde adarra bihurtu zena. HBk eta beste zenbait erakunde sektorialek (Jarrai, Amnistiaren Aldeko Gestorak eta abar) ingurune zibil ezinbesteko bat osatu zuten ETAren, bere 'abangoardia armatuaren', jarraipenerako». 2010eko hamarkadarekin amaitzen da ibilbide historikoa; Bartzelonako 2017ko atentatu jihadistaren eta Xabier Lopez Peña ETAko buruzagia zenaren atxiloketaren irudiekin. Ez da jihadismoa eta ETA argazkietan parez pare jartzen diren gune bakarra.

Bilakaera historikoarekin paraleloan, ETAren jardunaren adierazpide jakin batek hartzen du protagonismoa pareko horman: bahituek. Izen-abizenak dituzten biktimek. Javier Ruperezek, Angel Berazadik, Jose Luis Arrasatek, Julio Iglesias Zamorak, Publio Cordonek —GRAPOk bahitua—. Idatzi zituzten gutunek, horman egunak zenbatzeko egin zituzten marrek. Eta, nagusiki, Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioak 532 gau eta egun igaro zituen zuloaren erreplika itogarriak —Iglesias Zamorak leku berean igaro zituen 116 egun, baina ez da haren aipamenik egiten zuloaren erreplikan—: besoak luzatuz gero ozta-ozta kabitzeko moduko gelaxka tristea. Bada bahitutako beste herritar bat oroitzeko atala ere; goreneko solairuan, indarkeriaren aurkako erantzun sozialari buruzko atalean, eremu propio bat dauka Miguel Angel Blanco 1997an ETAk bahitu eta bi egunera hil zuen PPko zinegotziak, haren hilketak euskal gizartean eragin zuen arranguraren adierazle.

Bahituak, mehatxatuak, hildako haurrak; ETAk eragindako sufrimenduaren erradiografia zehatza proposatzen du zentroak lehen solairu osoan zehar.

Garaipenaren frogak

Bestelako elementu batzuek osatzen dute bigarren solairuko kontakizuna; hitzez nahiz objektuez osatutako errelatoa. Batetik, objektuen bidez, esanahi politiko orotik desjabetzen delako indarkeria; espazioaren banaketaren aldetik, nagusiki ETAren biolentzia, baina baita FRAP, GRAPO, «terrorismo jihadista» edo «ultraeskuinaren terrorismoarena». Edo Galizian, Katalunian eta Kanariar uharteetan ETA «imitatu» nahi izan zuten taldeena. Guztiei joera komun bat esleitzen baitiete zentroaren azalpenek: «Beren fedeekiko sentitzen duten kidetasuna etsaitzat hartzen dituzten horiekiko mespretxua bezainbestekoa da».

Hori horrela, garaipen militar baten traza hartzen du objektuen bildumak: fitxa polizialek, erasoak prestatzeko eskuz eginiko mapek, bonba itsasi baten erreplikak, dokumentazio faltsuek, banderek, egurrarekin eginiko ETAren ikurrek. Suzko armei buruzko ikastaro trinko bat egitera bultzatzen du erakusketak bisitaria, Remington erriflea, FN Browning pistola, Cetme fusila, Star pistola eta errebolberra bezalako kontzeptuak ezagutarazita.

Besterik da hitzen bidez adierazten dena eta definizioei darien ikuspegi ideologikoa. ETA definitzen baita «nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaile» gisa, «Euskadi independente eta euskal hiztun» baten aldekoa, «Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren anexioarekin». Are gehiago, «haren oinarri doktrinala ultranazionalismo ezkertiarra» zen, erakusketako testuak azaltzen duenez.

Bestelakoa da, ordea, «ultraeskuinaren terrorismoaz» egiten duen azalpena, fenomeno hori Benito Mussoliniren, Francisco Francoren eta Adolf Hitlerren jarraitzaileekin lotuz: «Eskuin muturreko terroristek xenofobia, arrazismoa, ultranazionalismoa eta kristau fundamentalismoa aldarrikatzen dituzte (...). Gaur berriz ere dabiltza jardunean, askotan etorkin, musulman, judu edo ezkertiarrei erasotzen dieten 'aktore bakartien' bidez». Espainiaren batasunaren aldeko jardun armaturik ez dago, beraz, «ultraeskuineko terrorismoaren» izenburupean ezkutatzen diren BVE, Triple A edota beste talde batzuen ekinbidean. Horiei buruz ez dago biktimen edo biktimarioen argazkirik, ez konfiskatutako armarik.

GALez, berriz, dio «ETAri bere arma berekin erantzuteko ahaleginean» sortutako «erakunde terrorista parapolizial bat» izan zela, «gogorarazten» duena ez dela «bidezidorrik egon behar terrorismoaren aurkako borrokan». Paragrafo berean dio guardia zibil batzuk eta orduko Gipuzkoako gobernadore zibila zigortu zituztela, ministroak ere kondenatu zituztela ahaztuta.

Amaitzear da bisita, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak gogora ekarriz, trenen irudiak zeharkatuz eta ia 200 hildakoen izen-abizenak erakutsiz. Abiapuntura itzultzea dagokio bisitariari. Burdinazko atea eta segurtasun arkua igarotzea besterik ez du herritarrak herrikide askoren minei erreparatzeko, baina ate horretatik kanpora bilatu beharko ditu beste askoren nahigabeak. Kontakizun ofizialak gorabehera, memoriak badirauelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.