Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako langileak grebara deitu dituzte, martxoaren 20rako, ELA, Steilas, CCOO, LAB, UGT eta FETE sindikatuek. Azaroan hautsi zen negoziaketa mahaia berriz abian jartzea nahi dute.
Kristau Eskoletako eta IZEA taldeko 9.000 langile daude deituta grebara —Ikastoletako langileak ez—, eta sindikatuek patronalei leporatzen diete akordioetarako jarrerarik ez edukitzea. Azken hitzarmena duela hamar urte sinatu zuten. Horregaitik mobilizazioak areagotzea erabaki dute, gaur Bilbon eman duten prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Grebaren aurretik, manifestazioa egingo dute hil honen 22an.
200 zentro inguru daude grebara deitu dituztenen artean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasle ez unibertsitarioen %35 joaten dira ikastetxe haietara.