Kataluniako Generalitateak alderdien biltzar bat antolatuko du, Espainiako Gobernuak katalanaren aurka hasitako "erasoari" aurre egiteko. Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak adierazi du murgiltze ereduaren alde dauden taldeek "elkar hartzea" izango dela ekimenaren helburua, horrela Madrili aurre egiteko.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak proposatutako erreforma ezartzea "ezinezkoa" izango dela adierazi du Generalitateak. "Hain da larria proposatu dutena, non ezingo baiten inoiz ere ezarri Katalunian", esan du Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak. Arratsaldean Madrilego bilerara joatekoa da Rigau, eta proiektua erretiratzeko eskatuko dio Werti. PPren gobernuak kolokan jarri baitu Kataluniako murgiltze eredua. "Katalanari 1978az geroztik egindako eraso handiena da".