Artur Masek eta Oriol Junquerasek independentzia lortzeko egindako proposamenek komuneko puntu asko dituztela uste dute Carme Forcadell eta Muriel Casals ANC eta Omnium Culturaleko presidenteek. Horregatik, ERCk eta CiUk bide orri bateratua adostu ahal izango dutela espero dute bi erakundeek. Catalunya Radio irratian egin dituzte adierazpenak. Casalsek bi proposamenak "hain ezberdinak ez" direla nabarmendu du, eta Forcadellek Junquerasen bide orria txalotu du, "independentzia birsortze demokratikoarekin lotu duelako". Gainera, ERC eta CIUren arteko akordioa "konponbide bakarra" dela esan du Forcadellek, hauteskundeetarako zerrenda "ahalik eta transbertsalena" izan dadin. ANCko presidenteak begi onez ikusi du ere zerrenda ezberdinei Ara es l'hora izena jartzeko Junquerasek egindako proposamena.
Josep Maria Vila d'Adabal AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidenteak, bide beretik, bi proposamenen artean "koinzidentzia eta akordiorako aukera asko" daudela esan du.
Artur Mas Oriol Junquerasek ERCren independentziarako estrategia azaltzeko egindako hitzaldian egon zen atzo, Bartzelonan. Edonola, edukiari buruzko adierazpenik ez zuen egin nahi izan Generalitateko presidenetak; "entzutera" joana zela baino ez zuen esan.