Maskarak nahitaez erabiltzeko arautze zorrotzago bat lantzen ari dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, azken egunotan COVID-19 kasuen gorakadak atzeman ostean zenbait tokitan. Iragarri duenez, maskararen erabilera derrigortzea aztertzen ari da, baita gutxieneko distantzia mantentzen den kasuetan ere. Osasun Departamentua zenbait kontsulta egiten ari da zentzu horretan, eta aste honetan eskatuko dio Gobernuari neurri hori hartzeko. Zehaztu du azken positiboak batik bat harreman sozialekin eta familiarrekin lotuta daudela, eta bataz besteko adina asko jaitsi dela. Ekainetik zortzi agerraldi jaso ditu Osasun Departamentuak. Joera hori eten nahi da maskara erabiltzera derrigortuz.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Iruñeko agerraldiarekin lotutako positiboak 21 dira jada. Osasun Sailak adierazi duenez, agerraldi berriak agertzearekin batera erabaki zuen barne prozesu bat martxan jartzea. Horretarako, kanpoko aholkulariekin ere hitz egin dute, besteak beste, prebentzio eta babes neurriak aztertzeko. Haren arabera, pauso bat gehiago eman behar da agerraldiei aurre egin ahal izateko eta kutsatzeak saihesteko. Proposamena jada egiten dabiltza, eta aste honetan zehar arauaren epeak eta haren alderdi zehatzak zehaztea aurreikusten dute.
Asteazkenean bilduko da Gobernua. Maskara erabiltzera derrigortzeaz gain, araua hausten dutenei jarriko zaizkien isunak jasotzea ere espero da.