Maskara faltsuak inportatu direla ohartarazi du Bruselak

Babes pertsonalerako produktuen eskaria nabarmen handitu da koronabirusaren ondorioz, eta iruzurgileak aukera hori baliatu nahian ari dira. Brusela hasia da horien aurkako neurriak hartzen.

Bruselak konfiskatutako maskara faltsu bat. OLAF
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 20a
17:04
Entzun

Koronabirusaren pandemia dela eta, badira negozio aukera berriak bilatzen ari diren pertsonak; tartean, iruzurgileak. OLAF Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak gaur jakinarazi duenez, ikertzen hasi dira Europara atzerritik datozen zenbait produktu koronabirusaren pandemiaren aurka egiteko balio dutenak, edo ustez balio dutenak behintzat.

Handia da babes pertsonalerako produktuen eskaria, baita garbiketarako produktuena ere. Bestelako produktuak ekoizten dituzten enpresak hasiak dira jada maskarak eta batak ekoizten, eta produktuok etxean nola egin erakusten duten bideoak ere biralak egiten ari dira. 

Horregatik, OLAFek borroka hasi du osasuna babesteko balio ez duten inportazioko produktuen aurka, eskari handiaz baliatu nahi duten iruzurgileei aurre egiteko. Denetarik aurki daiteke faltsifikatutako produktuen artean: maskarak, medikuntzarako tresnak, desinfektatzaileak, eskuetarako xaboiak eta probak egiteko kit-ak, besteak beste.

Iruzurraren aurkako bulegoak jakinarazi duenez, pandemia hasi zenetik ari dira legez kanpoko trafiko horren inguruko informazioa biltzen, eta etengabe harremanetan daude Europako Batasuneko herrialdeekin, baita kanpoko batzuekin ere.

Internet bidez

OLAFeko arduradunen iritziz, «produktu horiek Europara sartzea eragoztea ezinbestekoa da guztion ongizatea babesteko». Azaldu dutenez, konfiskatu dituzten produktuak ez dira eraginkorrak birusaren aurka, eta osasunarentzat kaltegarriak ere izan daitezke batzuk. 

Dena den, iruzurgileentzat «merkatu erakargarria» dela nabarmendu dute, eskaria dela-eta irabaziak ere handiak izan baitaitezke. Adibidez, Internet bidez faltsututako maskarak 5 edo 10 euroan eros daitezke, ohiko prezioa baino hiru bider garestiago. Sarea da etxeetara iristeko darabilten tresna nagusia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.