Max Brisson senatariak uko egin dio Aldakoekin elkartzeari, haien «ekintza moldeak» salaturik

Aldak galde bat helarazi zion abenduan, alokairuak mugatzen dituen neurriaren egonkortzeari begira, eta Brissonek publikoki zabaldu du erantzuna. Batez ere, okupazio ekintzak leporatu dizkio elkarteari; Aldak senatariaren jarrera gaitzetsi du.

Max Brisson, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Max Brisson, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko otsailaren 10a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko hauteskunde munizipalen erdian zabaldu du erantzuna, publikoki. Max Brissonek ezetz erran dio Aldakoek elkartzeko egina zioten galdeari. Holaxe idatzi die: «Defenditzen ditudan printzipioekiko egokitasunez eta ordezkatzen ditudan instituzioekiko errespetuz, jarraipenik ez diot emanen zuen eskaerari». Zehazki, Alda auzo mugimenduaren jokamoldeak deitoratu ditu, Frantziako Estatuaren era Errepublikaren legediaren kontra egiten dutelakoan. Aldak halaxe erantzun du agiri batean: «Eztabaida demokratikoa gerta dadin, elkarri hitz egin ahal izan behar genioke lehenik».

Besteren artean, gaitzetsi du Aldak duen ohitura legea urratzen duten jabeen apartamentuak okupatzeko. «Ezin diezue jabeei leporatu legea ez errespetatzea, eta, aldi berean, legea urratzea zuen ekintzen bidez». Horrekin batera, idatzi du «ezin onartuzkoa» zaiola «elkarte batek justiziaren lana bere gain hartzea eta erabakitzea zer den zuzena eta zer ez». Zehaztu behar da, halere, Aldak ekintzak abiatu dituen bakoitzean lege urraketa baten ondorioz abiatu dituela. Gaur agertutako agirian, gainera, elkarteak senatariari erantzun dio ez duela asmorik «justizia ordezkatzeko, haren funtzionamendu egokian parte hartzeko gogoa baizik».

Gutunean Brissonek ez du zehaztu zer dela-eta dei egin zion Aldak elkartzeko. Halere, Brisson senataria den heinean, erraz suposatu daiteke alokairuak mugatzen dituen neurriaren egonkortzeaz hitz egiteko izan zela. Hain zuzen, bada neurri bat Ipar Euskal Herriko 24 herritan indarrean dagoena 2024tik geroz, baina esperimentazio bat besterik ez da, eta 2026ko urte hondarrean erabakitzekoa dute parlamentariek neurri hori egonkortu edo ez. Horretarako lehen urratsa abenduan egin zuten diputatuek, Frantziako Asanblea Nazionalean: 105ek neurria egonkortzearen alde egin zuten, bozen gehiengoa lorturik. Hala, Senatuari dagokio ondoko urratsa egitea.

Asanbleako bozaren ondotik, hain zuzen, Aldakoek senatariei dei egin zieten agiri batean, «Frederique Espagnac, Max Brisson eta Denise St-Peri, bereziki». Erantzuna ere publikoa izan da. Brisonnek etxebizitza sozialen alde egiten duen lana azpimarratu du gutunaren hasieran, ondotik idatzi dituen kritikak errazago eramateko edo: «Badakizue gai horrekiko nolako engaiamendua dudan, eta badakizue ere, segur aski, hainbat emendakin aurkeztu ditudala Senatuan, [...] batzuetan ene familia politikoaren sostengurik gabe». Izan ere, errepublikanoa da Brisson.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.