'Mcdonalizazioa', aurrez aurre

Hiriguneetako zerbait zirudien, baina garaiak aldatzen ari diren heinean, ohiturak ere aldatuz doaz. McDonalds eta Burger Kingek jatetxe bana zabalduko dute Durangaldean. Polemika piztu da jada.

Burger King jatetxea Eroskik Abadiñon daukan merkataritza gunearen alde batean kokatuko dute. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Mcdonalizazioa, kultur globalizatua, [...], uztartzea da bat, bestea ezarpena, elkartrukatu edo derrigortu ereduak». Horrela zioen Fermin Muguruzak Big Beñat abesti sonatuan, 2001ean. Garai hartan, janari lasterra egiteaz arduratzen diren multinazionalak hasita zeuden Euskal Herrian lehorreratzen, baina konkista hori hiri eremuetara mugatzen zen ia erabat. Dena den, eta urteak pasatu ahala, Muguruzaren kantako mcdonalizazioak herri txikietara ere egin du salto. Abadiño (Bizkaia) eta Oiartzun (Gipuzkoa) dira adibideetako batzuk; lehenengoan, batez ere, zalaparta handia piztu da.

Merkatu guztiz librea ala protekzionista. Hori da batzuek eta besteek proposatzen duten eredu talka. McDonalds eta Burger King hanburger enpresa multinazionalek jatetxe bana zabalduko dute Abadiñon. 7.000 biztanle inguruko herria da, eta berez ez luke enpresa horientzako interes berezirik eduki behar. Dena den, Murueta biribilgune inguruan kokatuko dituzte jatetxeak, Durangaldean zirkulazio gehien dagoen puntuetako batean. Burger Kingek Eroskik daukan merkataritza gunean eraikiko du berea, eta McDonaldsek garai bateko Graficas Berriz lantegi ohian.

«Hipokrisia gutxiago behar da». Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea da hain zorrotz ageri dena. Jatetxe horien aurka ari direnen mezuari zerbait positiboa atera dakiokeen galdetuta, argi dauka: «Printzipioz, ez. Badago hanburgerrak jatea txarra dela esaten duen tokirik? Zer egingo dugu, ostalaritza eta tabako denden zabalkuntza debekatu osasunari kalte egiten diotelako?».

Navarrok gidatzen duen udalak onespena eman die hasieratik proiektu biei, baina herritar eta elkarte batzuek egitasmoekiko kezka handia azaldu dute. Horietako bat EHNE sindikatua izan da; joan den abenduaren 14an, bi jatetxe horien aurkako manifestazioa antolatu zuen, Ernai, ELA, LAB, CCOO, ESK, Dendak Bai eta Durangaldeko Bilduko zinegotziekin batera. Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko bozeramaileak argi utzi du bere sindikatuaren iritzia: «Ezin dugu inondik inora onartu. Alde batetik, min handia egiten diolako baserri eta betiko ostalaritza munduari, eta, beste aldetik, langileen baldintzak guztiz mespretxatzen dituelako. Iraingarria da».

Zentzu berean mintzo da Santi Reyes Bizkaidendak elkarteko koordinatzailea. Baina jomuga beste leku batean jarri du. Ez du uste ordezkatzen dituen negozioek eragin zuzena nozituko dutenik; horrek dakarren eredu aldaketa da benetan axola zaiona. «Nahiko genuke negozioen artean harremana sendotzea, eta kasu honetan ez da horrelakorik gertatzen. Guk tokian tokiko ekonomia bultzatzen dugu».

Nahiz eta behin betiko kokalekua Abadiño izango den, polemikaz inguraturik iritsi ziren bi multinazionalak Durangaldera. Hasiera batean, McDonaldsen jatetxea Iurretan zabalduko zela iragarri zuen bertako udalak, baina baimen guztiak zituenean, han eraikitzeari uko egin zion AEBetako enpresak. Iurretakoa «bigarren plana» zela jakinarazi du Abadiñoko alkateak. Haren ustez, «lanpostuak sortu eta diru sarrerak indartu» egingo dituzte bi jatetxeek.

Reyesek zalantzan jarri ditu bi baieztapen horiek. «Enpresa mota horiek zergak non ordaintzen dituzten jakin nahiko nuke, Suitzara eramaten diren susmoa baitaukat». Bestalde, lanpostu horien kalitateaz mintzatzean, zorrotz mintzatu zaio alkateari:«Jakin nahiko nuke horrelako lanpostu bat nahiko zukeen berarentzat». Iritzi hori berretsi du EHNEko bozeramaileak ere, eta langileek ordu bakoitzeko irabazten dituzten bost euroak jarri ditu adibide modura. «Espainiako Estatuko lan hitzarmena Bizkaiko lan hitzarmenetik oso urrun dago», gehitu du Reyesek.

Arazoa, epaitegietan

Batzuek eta besteek defendatzen dituzten ideiek epaitegietan buka dezakete. Sindikatu eta elkarteek 2004an onartutako Zatikako Lurralde Planean jarri dituzte beren esperantza guztiak. Plan horrek merkataritza guneek, orotara, 13.000 metro koadro baino gehiagoko azalera izatea debekatzen du; salatzaileek argudiatu dute neurri hori gainditu egiten duela jatetxeak hartuko dituen Abadiñoko guneak.

Gainera, beren alde egiten duen aurrekaririk ere badaukate: 2007an merkataritza gune bereko Forum Sportek egin nahi zituen handitze lanak bertan behera geratu ziren arrazoi berberengatik. Aldi berean, Eroskiren jokaera kritikatu du Salterainek, Eroskik berak proposatu zuelako mota horretako jatetxeei beren guneetan lekua egiteko aukera ematea: «Saldu nahi diguten estrategia aldaketari guztiz kontra egiten dio horrek. Azkenaldian bertako produktuen aldeko apustua egin dutela saltzen ari dira. Hori eta horrelako multinazionalak jasotzea bateraezinak dira».

McDonaldsen kasuak beste arazo batzuk eragiten dituela salatu dute jatetxe horien aurka agertu diren eragileek. Jatetxeaz gain, 24 orduz zerbitzatuko duen McAuto zerbitzua eskainiko du enpresak, erabiltzaileari autotik jaitsi gabe kontsumitzeko aukera ematen diona. Hasiera batean, merkataritza jarduera izango zuela iragarri zuen enpresak Iurretako Udalari helarazitako txostenean. «Hor dago iruzurra: dendariek 24 orduz lan egiteko eskubidea baitute, baina ostalariek ez», azaldu du Reyesek.

Ikusteko dago, beraz, aurrerantzean mota horretako jatetxeek zer-nolako harrera izango duten hiriguneetatik harago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.