Iker Beristain, Iñaki Arietaleaniz, Beñat Aginagalde eta Alex Uriarte Meauxeko espetxean dauden (Frantzia) euskal presoak gose greban daude aitatasunerako duten eskubidea aldarrikatzeko. Hogei egun egin dituzte baraualdian, eta AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, batez beste hamar kilo inguru galdu dituzte. Borrokaldiarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi du AAMk. Era berean, Mattin Olzomendi eta Eñaut Aramendi Chatearouxen (Frantzia) dauden euskal presoak espetxeak emandako janaria ukatzen ari direla jakinarazi du AAMk.
Iker Beristainen bikoteak salatu duenez, alaba jaioberria ikusteko aukera ukatu dio espetxeko zuzendaritzak Beristaini. AAMk azaldu duenez, Laurence Levert epaileak espetxeko zuzendaritzari azalpen gehiago eskatu dizkio, Beristainek familia liburua eta paper guztiak aurkeztu dituen arren. Haurra Beristainena ote den argitu nahi du epaileak.
Pertsona batek bere alaba ikusteko gose greba egin behar izatea gertaera «larria» dela adierazi du AAMk. «Honek erakusten du Frantziako Gobernuak eta epaileek euskal preso politikoen aurka propio ezarritako espetxe politika anker bat darabiltela», salatu du. Meauxeko presoei eta haien senideei elkartasun osoa die AAMk.
Meauxeko lau euskal presoak 20 egun daramatzate gose greban
Aitatasunerako eskubidea ari dira eskatzen, preso bati haur jaioberria ikusteko aukera ukatu diotelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu