Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak erietxeetan marihuanaren erabilera onartu du, zenbait osasun arazotan «lagungarria» izan daitekeela argudiatuta. Alta, baldintza eta betebehar batzuk zerrendatu ditu: mediku espezialista batek agindu behar du, eta hark zehaztuko du dosia, betiere bertze sendagaiek funtzionatzen ez badute; eta ospitaleetan erabili ahal izanen da soilik; alegia, ezinen da farmazietan erosi.
Gobernuak berak erran duenez, kalamua «onuragarria» da esklerosi anizkoitzaren tratamenduetarako, baita epilepsia errefraktarioaren zenbait forma larrietarako, kimioterapiak eragindako goragaleetarako eta bertzelako minetarako ere. Alabaina, Ministroen Kontseiluak ez du zehaztu zein gaixotasun arintzeko baimendu duen erabilera, eta, hortaz, medikuak, egoeraren arabera, erabaki beharko du noiz onartuko duen eta noiz ez. «Baina ez familiako medikuak», erran du Monika Garcia Espainiako Osasun ministroak, «baizik eta gaixotasun jakin horretan espezializatuta dagoen medikuak».
Kalamua «alternatiba on bat» dela azaldu du Garciak, batik bat, batzuetan baimendutako botikak ez direlako nahikoa izaten, eta, horrelakoetan, kalamuak «laguntza terapeutiko handia» ematen duelako.
Gobernuak hiru hilabeteko epea eman dio AEMPS Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari, eta tarte horretan oinarrizko argibideak eta zehaztapenak egiteko ardura hartu du agentziak: gaixotasun bakoitzerako zenbat dosi eman, nola prestatu, zer aholku eman... Finean, medikuentzako gida bat da sortuko dute, gero haiek «argi» izan dezaten kasu bakoitzean zer egin.
Hain justu horrexek egiten du neurria malgu, egoeraren arabera aldatu litekeelako erabakia. Osasun ministroak jakinarazi du «zalantzak» izan zituztela horrekin, «malgua izateak kalamua geroz eta maizago erabiltzea ekar lezakeelako», baina «zorrotzak» izan dira erabakitzeko eskubidea nork duen zehaztean, Garciak erran duenez.
Osagaien neurketa
Halaber, beharrezkoa izanen da laborategian kalamuaren osagaiak ongi zehaztuta egotea. THCa eta CBDa dira osagai nagusietako batzuk, eta esplikatu dute gehienezko kantitate bat ezarri dutela bi osagai horientzat: THC edo CBD kantitatea baimendutakoa baino handiagoa baldin bada, ikuskatze agindua exijituko dute. Eta adibide batzuk eman dituzte: «THCari dagokionez, erraterako, %0,2 izanen da baimendutako gehienezko kantitatea».
Kanadan «tradizio» bilakatu da kalamua medikuntzarako erabiltzea, Carola Perez Espainiako Kalamuaren Behatokiko presidentearen hitzetan, eta «pozik» dago Espainiako Gobernuak egin duen urratsagatik. «Biztanleen %0,7k erabiltzen dute marihuana Kanadan; Espainiako biztanle kopuruarekin parekatuta, 300.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzea izango litzateke». Dena den, osasun agentziak erabilera «mugatu» eginen duelakoan dago, «bai, behintzat, hasieran».