Mehartzen, 50 urtean

Bizidunei buruzko WWFren azken lanaren arabera, 1970etik %60 urritu dira ornodunak munduan. Itun zabal bat eskatu dute joera moteltzeko

Basahuntzak, errepide baten ondoan, artxiboko irudi batean. WWF / EFE.
arantxa iraola
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Planeta biziaren indizea deiturikoa neurtzeko ikerketak aurkezten ditu WWF mundu mailako erakundeak; ekosistemen bizitasunari erreparatzen diote indize horren bitartez. Orain bi hamarkada ekin zioten lan horri erakundean, eta kalean dute hamabigarren ikerlana. Agerian utzi du ekosistemek mehartzen eta eskasten jarraitzen dutela; azken datuen arabera, ornodunak %60 urritu dira 1970. urtetik hona.

16.704 animalia multzo aztertuta egiten dute azterlana, ornodunen 4.005 espezieri erreparatuta. Galerarik handiena ur gozoko espezieetan izan da: %83 urritu dira. Geografikoki, tropikoetan dute egoerarik kaskarrena; inguru horietan aztertutako animalia multzoetan %89ko urritzea neurtu dute ikertzaileek. Bioaniztasuna «asko» apaltzen ari da, eta horren ondorio dira urritzeak. WWFk ohartarazi du egungo kontsumo eredu «kontrolik gabea» dagoela horren atzean.

Hain justu, gogorarazi du natur baliabideen gaineko «presioa» oso handia dela. «Mehatxuan dago gizateriari eusten dion bizi egitura», ohartarazi du erakundeko zuzendari nagusiak, Marco Lambertinik. Joera hori iraultze aldera, mundu mailako akordio bat behar dela nabarmendu du. Egipton heldu den hilean bioaniztasunari buruzko goi bilera egingo dute, eta WWFk nabarmendu du «giltzarri» izan beharko lukeela. «Izadiaren aldeko akordio global baten oinarriak jarri behar dira, Parisen klimari buruzko goi bileran egin bezala».

Mangladiak eta koralak

Aztarna ekologikoa urritzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute, igaro bost hamarraldietan %190 hazi baita. Epe horretan, esaterako, Amazoniaren %20 suntsitu da, mangladiak erdira murriztu dira, eta koralak ere, beste horrenbeste. Eta ekosistema aberatsak dira horiek guztiak, biziarentzako espazio ezinbestekoak. WWFko arduradunek gogorarazi dute, esaterako, mangladiak oso garrantzitsuak direla karbonoa xurgatzeko; baso tropikalek halako bost xurgatzen dute. Koralei esker, berriz, itsaso zakarraren ondorioak apaltzen dira, eta kostan bizi diren 200 milioi lagunen bizitokiak babesteko beharrezkoak dira. Erleen egoeraren gainean ere ohartarazi dute, urritzen ari baitira, eta giltzarri baitira polinizaziorako eta uzta oparoak ziurtatzeko. Aldagai horiek guztiak okertu ahala, ordea, bioaniztasuna apaltzen ari da. Koalen egoeraren inguruan ohartarazi dute, adibidez: Australiako espezie hori, basoak urritu ahala, arriskutsuki galtzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.