Mehatxuak eta irain sexistak jasan ditu Laudioko mugimendu feministak, eraso matxista bat salatzeagatik

Igande goizaldean musika itzali eta eszenatokira igo ziren feministak, eta «astakeriak» entzun behar izan zituzten. Atzo arratsaldean elkarretaratze bat egin zuten erreakzioa salatzeko.

Mugimendu feministak eraso matxista batengatik deitutako elkarretaratzea, iaz, Errenterian. JON URBE/ FOKU
Mugimendu feministak eraso matxista batengatik deitutako elkarretaratzea, iaz, Errenterian. JON URBE/ FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 1a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laudioko (Araba) mugimendu feministako kideek eraso matxista bat salatu zuten igande goizaldean, 05:30 aldera. Odoloste eguna ospatu zuten herrian, eta erasoa salatzeko musika itzali eta eszenatokira igo ziren. Txistuak, irain sexistak eta mehatxuak jaso zituzten orduan. Bada, atzo arratsaldean elkarretaratze bat egin zuten, igande goizaldean gertatutakoa gaitzesteko.

Kontzentrazioan esplikatu zuten bezperan «astakeriak» entzun behar izan zituztela, hala nola: «Feministas, hijas de puta, poned la música» (Feministak, sasikumeak, jarri musika) eta «Feminazis». Haien irudiko, erreakzio hori «emakumeek eta pertsona disidenteek presentzia publikoa hartzearen ondorio zuzena» da, «herri osoaren aurkako eraso bat».

Hain zuzen, erreakzio hori «gorroto diskurtsoen gorakadarekin» lotu zuten, azpimarratuta «jende asko» izan zela «konplize»: «Adin guztietakoak eta inguru guztietakoak, herrikoak barne». 

Horren aitzinean «feminismotik antolatzen eta borrokatzen» segitzeko beharra aldarrikatu zuten: «Bide horretan bustitzeko eta zikintzeko garaia heldu da, eta zein aldetan zauden erabaki eta pasibotasuna alde batera uztekoa». Halaber, guztiendako «espazio seguru eta feministak» eraiki behar direla aldarrikatu zuten, eta gogoratu ezinbertzekoa dela jai ereduari buruzko hausnarketa egitea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA