Duela urtebete izan ziren bisitan Irungo Etorbideko zubian (Gipuzkoa), baina gaur arte ez dute idatzita utzi. Joan den urteko urtarrilaren 21ean adostu zuten Irungo zubi hori memoria demokratikorako leku izanen zela, eta gaur jarri dute oroigarria. Espainiako Gobernuaren eta Irungo Udalaren arteko adostasuna izan da, eta, hortaz, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkaria izan dira gaurko ekitaldiko gidariak. Aste honetan jaso dute idatzita BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Irun eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen zubi historikoa da Etorbideko zubia, eta «errepublika garaiko erbestealdien biktimen oroimenez» egin dute gaur ekitaldi instituzionala. Plaka jartzearekin batera, automatikoki bihurtu da zubia memoria demokratikorako leku.
Martinezek adierazi du «behar-beharrezkoa» dela gazteei zubiaren historiaren berri ematea. Eta honako historia hau gordetzen du gibelean, estatu idazkariaren erranetan: «Errepublikanoek Etorbideko zubitik egiten zutela Frantziara arteko bidea, eta hori guztia 1936ko uztailean II. Errepublikaren aurkako estatu kolpearen ondorioa izan zela».
Baina ez hori bakarrik. Demokrazia eta euskal erakunde errepublikanoak defendatzeagatik jende anitzek egin behar izan zuen ihes mugaz bertze aldera, eta haien ondarea ere nabarmendu du idazkariak. Labordak, berriz, esplikatu du gaurkoa ez dela «beste ekitaldi bat» izan, baizik eta «erantzukizun ekintza bat» dela zubitik pasatu eta pasatuko direnentzat. Zera gehitu du: «15.000 pertsona ingururen exodoaren agertokia izan da zubi hau».
«Errepublikanoek Etorbideko zubitik egiten zuten Frantziara arteko bidea, eta hori guztia 1936ko uztailean II. Errepublikaren aurkako estatu kolpearen ondorioa izan zen»
FERNANDO MARTINEZ Memoria Demokratikorako estatu idazkaria
Abiatutako bide beretik jarraitu du alkateak solasean, eta erran du oroigarria jarri izana etorkizunerako «ikasbidea eta mezua» izanen dela. Eta ezinbertzean egin du memoriari bizirik eusteko deia: «Egiarekiko eta hainbeste sufritu zutenen duintasunarekiko konpromisoan ezin da atzerapausorik eman. Ohoratu eta gogoratu egin behar ditugu». Hortaz, gaurtik aitzinera zubia konpromiso demokratikorako eta etengabeko oroimenerako gunea izan dadin eskatu du.
Joan den urtean hasi zen Espainiako Gobernua oroimen tokiak izendatzen, Franco hil zeneko 50. urtemugaren harira. Dena dela, denek ez zuten begi onez ikusi Irungo Etorbideko zubia memoria demokratikorako leku izendatzea. Kepa Ordoki elkarteak —Behe Bidasoan memoria historikoa lantzen du—, adibidez, zalantzan jarri zuen behin diktadorea hil eta gero ere zubi horretan askatasunik egon ote den. Izan ere, migratzaile askori ez die zubia pasatzen uzten Poliziak, eta Bidasoa ibaia zeharkatzeko ahaleginetan hil egiten dira horietako zenbait.