Memoria historikoa

Memoria lantzean genero ikuspegia indartu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Melgosak adierazi du «gida» bat prestatzen ari direla. Emakumeak kontakizun historikoan «txertatzeko» lanetan sakontzea du xede.

Liburuaren aurkezpena, gaur arratsaldean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 6a
19:21
Entzun

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, Jaurlaritza «gida» bat prestatzen ari da memoria historikoa berreskuratzeko lanetan genero ikuspegia txertatzeko prozesuan sakontzeko. Azaldu duenez, «emakumeak kontakizun historikoan txertatzeko bidean sakondu ahal izatea» eta emakumeek «historian aktibista gisa izan duten rola» ikusezin ez geratzea dira gida horren helburuak. Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte liburuaren aurkezpena baliatu du sailburuak Jaurlaritzaren ekinaldiaren berri emateko.

Melgosak emakumeen ekarpenak balioesteko beharra nabarmendu du, eta azaldu du gidaren xedeetako bat dela horretarako jarraibide metodologikoak ezartzea, orain arte «akademiak, erakundeek eta zenbait ikerlarik» egindako lanek jorratutako bidea «indartzeko». Izan ere, sailburuak azaldu du eragotzi egin behar dela emakumeen rola «kontakizun komunean ikusezin bihurtzea», eta «subjektu aktibo gisa» integratzearen alde egin du: «Horrela bakarrik, emakumeek gure historian eta iragan komunean izan duten protagonismoa eta erreferentzialtasuna aldarrikatuz, sortu ahal izango dugu berdintasunaren araberako etorkizuna».

Gazteenek «emakumezko erreferenteen» beharra dutela ere aldarrikatu du Gizarte Politiketako sailburuak. Haren esanetan, alor guztietan da beharrezkoa, baina, batez ere, «emakumeen ahalduntze prozesuari dagokionez».

1922ko maiatzetik

Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perez EHUko historialariek ondu dute Emakumeak aberria eginez. Emakume Abertzale Batza 100 urte liburua, Sabino Arana fundazioaren eta Gogora institutuaren babespean. Lan hark Emakume Abertzale Batzaren ibilbidearen berri ematen du, 1922ko maiatzean sortu zenetik. Idazleek eta Sabino Arana fundazioko lehendakari Mireia Zaratek aurkeztu dute lana. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Olatz Garamendi eta Gotzone Sagardui sailburuak eta Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.